Agerialdeko teilatua lagako dio Usurbilgo Udalak Sortalde energia berriztagarrien komunitateari eguzki plakak jartzeko. Hogei urterako lagapena izango da, 2044ko urriaren 31ra arte; hitzarmena luzatzeko aukera ere jaso dute dokumentuan. Hitzarmenaren bidez, 100 kw-eko eguzki-parke fotovoltaikoa instalatuko du Sortaldek Agerialdeko teilatuan. 194 plaka jarriko dituzte Udarregiko HH eta LHko eraikinean, Alperro Buru kalean. 

Gaur egun 244/2019 EDak zehazten duenaren arabera, estalki gaineko instalazio hauetan, eguzki energiaren bidez energia sortzen den gunetik, 2km-ko erradio batean sartzen diren kontsumitzaileak batu litezke instalazio horretara. Hortaz, Agerialdeko eguzki plaken bidez sortzen den energiaren kontsumoa nola banatu ere zehaztu da hitzarmenean. Kontsumitzaileak, nagusiki, Sortaldeko kideak izango dira, eta, zati batean, baita Usurbilgo Udala ere. Eskola-aldian, Sortaldeko kideek kontsumituko dute bertan sortutako energiaren %80; gainerakoa, Udalak. Eskolarik gabeko aldietan, berriz, %90 izango da Sortaldeko kideentzat eta %10 Usurbilgo Udalarentzat.

%30 inguruko autokontsumoa

Sortaldetik aditzera eman dutenez, instalazio honen bitartez, 100 etxebizitza inguru hornitzeko aukera aurreikusten da, bakoitzean, %30 inguruko autokontsumoa eskuratu litekeelarik, kasuan kasu.

Instalazio hauek, ez dute parte-hartzaile mugarik, beraz, zenbat eta partaide gehiago izan, kostuak partekatu eta emaitzak hobetzeko aukera legoke.

Bestalde, enpresa, elkarte edo bestelako entitateek ere parte hartu lezakete arazorik gabe. Hauen kasuan, behar handiagoak izango dituzte autokontsumoarekiko, eta beraz, bakoitzari esleitutako plaka kopurua handiago izatea aurreikusten da. 

Sortalde energia berriztagarrien komunitatea 30 herritarren eskutik sortu zen, Udalak bultzatutako parte-hartze prozesu baten ondoren. Dena den, une oro eskaintzen dute elkartearen parte izateko aukera: izan kooperatibaren partaide gisa, bazkide kontsumitzaile gisa edo laguntzaile moduan.

Transizio energetikoa

“Irabazi Asmorik Gabeko Kooperatiba integral honen bitartez, Usurbil mailan energia transizioaren erronkari aurre egiteko gure alea erein nahi dugu. Gure asmoa ekimen hau herritar, elkarte, enpresa zein entitateei zabaltzea delarik, ahalik eta parte hartzea zabalena izan dezan”, azaldu dute Sortaldetik. Aldi berean pobrezia energetikoari aurre egin nahi diote.

Gogorazi dutenez, Usurbilgo Udalak apirilaren 11n egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zuen bazkide laguntzaile gisa parte hartzea Sortalden, Usurbilgo energia berriztagarrien komunitatean. 

Sortalde, bere aldetik, instalazio fotovoltaiko bat abian jartzeko lanean aritu da: lehenik eta behin, kokapen bila, batik bat. Zubietako pilotalekuko eta Atalluko industriaguneko teilatu batean jartzeko ahaleginek ez dute fruiturik izan, eta Agerialdeko teilatuaren baldintzak ikusita, hor jartzeko aukera ikusi da. 

Eraikinaren jabea Udala denez, eta interes publikoko arrazoiak justifikatuta daudela iritzita, Udalak eta Sortaldek erabilera lagatzeko hitzarmena sinatzea adostu dute.