40 urte dira jada Idiazabalgo mendizaleek, Kirol Elkartearen barruan, Mendi Saila eratu zutela. Batzar baten eman zen lehen pauso hori; askoren artean lehen pausoa izan dena. Harrezkeroztik, Idiazabal Kirol Elkarteko Mendi Sailak hamaika ibilaldi egin ditu, era guztietakoak: motzak bezala luzeak, inguruko mendietan zehar egindakoak batzuk, baita Pirinioetako gailurrik altuenetara igotzekoak ere. Urte hauetan guztietan, helduentzako zein haurrentzako prestatu dituzte irteera ugari; guztiak, mendian ibiltzeak dakartzan onurak erakusteko helburuz; mendizaletasuna sustatzeko asmoz. 

“Ibiltze hutsaz gain, mendiak beste aukera batzuk ere eskaintzen ditu kirola egiteko”, azaldu du Idiazabal Kirol Elkarteko Mendi Sailak. Horietan ere saiatu da taldea: eskian, eskaladan eta orientazioan, besteak beste. Gainera, mendian ikusitakoak ezagutarazi eta zaletasuna pizteko, behin baino gehiagotan antolatu ditu taldeak saio osagarriak; hala nola, erakusketak, hitzaldiak eta ikus-entzunezko emanaldiak.

40 urte asko dira. Horregatik, denbora luze honetan gorabeherak ere izan dira: ibilaldi eta ekintza jendetsuak bezala, erantzun eskasa izandakoak ere ez baitira falta izan. “Izan ere gizartea aldatu egin da hasierako urte haietatik hona eta mendira joateko moduetan eta ohituretan ere nabaritu da urteen joan-etorria”, kontatu dute Mendi Saileko kideek. 

Hala eta guztiz ere, urteak betetzeko gogoz jarraitzen dute: “Edozein moduz ere, garbi dugu talde lanari eta bultzadari eutsi nahi diogula; ideia eta proposamen berriei atea irekiz betiere. Gogotsu gaude, aurrera egiteko asmoz eta indarrez”.

40 urteko ibilaldia gogora ekarri

Lau hamarkada hauetan jende asko ibili da, batean edo bestean, Idiazabalgo mendizaletasuna sustatzen eta Idiazabal Kirol Elkarteko Mendi Saila posible egiten. Pertsona horiek guztiak eta 40 urteko ibilaldia gogora ekartzeko helburuz, programa bat itxuratu du taldeak. 

Ostiralean, urtarrilak 10, urte hauetan guztietan egindakoaren inguruko erakusketa aurkeztuko dute mendizaleek, arratsaldeko 18.00etan. Udaletxeko Areto Nagusian egongo da ikusgai. Bi asteko erakustaldia izango da. Argazkiak eta mendian erabilitako materiala ipiniko dituzte jendaurrean.

Egun berean, ibilaldietan ateratako argazkiak proiektatuko dira Udaletxeko leku berean. Arratsaldeko 18.30ean emango zaio hasiera bigarren ekintza honi. Ondoren, eguna bukatzeko, afaria izango da Arretxe elkartean.

Lehen mendi irteera: Aratz 

1985eko otsailaren 24an egin zuen Idiazabal K.E.-ko Mendi Sailak lehen mendi irteera. Aratz mendira abiatu zen taldea. Egun hori gogora ekartzeko asmoz, igandean, hilaren 11n, Aratz mendira ibilaldia egingo da. Idiazabalgo plazatik irtengo dira mendizaleak. Mendi Sailak mendia atsegin duten pertsona guztiak gonbidatzen ditu igandeko irteera honetara.