Síguenos en redes sociales:

Errenteria: herri partekatu bat eraikitzen jarraitzeko

Urte berriak berarekin ekarriko ditu asmo, erronka eta proiektu berriak. Horien isla dira Errenteriako Udalak 2025. urtean garatuko dituen proiektu eta egitasmoak lau arlo nagusiren inguruan: hirigintza, babes soziala, ingurumena eta kultura

Errenteria: herri partekatu bat eraikitzen jarraitzekoN.G.

Agintaldi planean jasotako helburuei bultzada garrantzitsua eman nahi die Errenteriako Udalak urte berriarekin eta lau erronka handi kokatu ditu datorren urterako asmoen erdigunean.

Hiria Berroneratzeko proiektuak areagotzea

Azken urteetako norabidean sakonduz, hiri paisaia eraberritzeko eta herritarrentzat atseginago egiteko esku hartzeak egiten jarraituko du udalak. Irisgarritasuna hobetzeko, azken urteetan zabaldutako igogailu sare zabalari, 2024an Gaztaño auzoan egin bezala, igogailu berri bat gehituko zaio datorren urtean. Zehazki Pontika eta Luis Mariano plaza lotuko dituen igogailua eraikiko du, gerora Pontika eta Igantzi lotzeko abiapuntua izango dena. 700.000 euroko inbertsioa egingo du 2025ean proiektu honen garapenerako.

Auzo biziak ere funtsezkoak dira herri partekatua eraikitzeko bidean. Horregatik, auzoak hobetzen jarrai-tzeko ere, proiektu garrantzitsuak egingo dira 2025ean: Beraun Planaren azken fasea (464.000 euro); Galtzaraborda Planaren hasiera, haurreskola berri baten eraikuntzarekin (300.000 euro); Iztieta-Ondartxoko hiltegia birgaitzeko lanak (800.000 euro); Gaztañon B Aldapa eraberritzeko proiektuaren idazketa; eta gainontzeko auzoak hobetzen jarraitzeko beste proiektu garrantzitsu batzuk ere bai.

Irisgarritasuna hobetzeko igogailu berri bat jarriko da, Pontika eta Luis Mariano lotuko dituena

Era berean, hiria berroneratzeko erronkari erantzuteko apustu garrantzitsua egingo du udalak hiri-garbiketako eta hondakin-bilketako lanak indartzeko, aurrekontutik lau milioi euro bideratzeraino.

Babes soziala indartzea

Herri partekatu batek komunitate kohesionatua izan behar du oinarrian. Horregatik, babes soziala indartzen jarraitzea funtsezkoa izango da, herrikide bat bera ere atzean gera ez dadin. Arlo horretan, Gizarte Zerbitzuetako departamentuaren lana nabarmentzekoa da eta horregatik, departamentuaren aurrekontua %7,4 haziko da 2024arekin alderatuta.

Gizarte Zerbitzuetako eta Kulturako departamentuek bultzada izango dute

Zehazki hiru eremutan egingo da ahalegin berezia 2025ean. Alde batetik, adineko pertsonen artean, hautatua ez den bakardadearen aurkako estrategia hedatuko da. Herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean estrategia integral bat garatu da azken urteetan eta zenbait proba pilotu ere egin dira. Datorren urtean estrategia hori hedatzea izango da erronka herrian bakardade ez hautatuan bizi diren 1.000 herrikideri komunitatearen babesa iritsarazteko.

Zaintzaren esparruan ere, etxez etxeko arreta zerbitzua indartuko da datorren urtean, aurrekontuan igoera handia jasota. Azkenik, zaintza zein etxebizitza eredu berriak uztartuz, Fini Rubio bizi osorako etxebizitzak eraikitzeko prozesuari jarraipena emango zaio. 

Trantsizio ekologikoan sakontzea

Trantsizio ekologikoa erronka garrantzitsua da etorkizunera begira. Horregatik azken urteetako ildoari jarraituz, 2025erako ere inbertsio garrantzitsuak aurreikusten ditu udalak. Azpimarratzekoa da, esaterako, ingurumenari dagokion aurrekontua nabarmen handituko dela, 2024an baino %25 gehiago bideratuko dela. Igoera hori Ereñozuko urtegia eraistearen eta hondakinen kudeaketan hobetzen jarrai-tzeko apustuaren ondorio da.

490.000 euro aurreikusten dira hondakin bilketa zerbitzua hobetzeko inbertsioetan. Hondakin organikoak biltzeko edukiontzi berriak ezarriko dira hauetara irisgarritasuna hobetzeko. Bestetik errefusa ixteko sarraila elektroniko berriak ere instalatuko dira.

Gainera, 800.000 euro bideratuko dira berdegune berriak sortzera, hala nola, Barandiaran parkea eraikitzera eta Arramendi Parkearen berrantolaketara ere. Barandiaran parkea gauzatzeko lanak, berriz, abian dira.

Mugikortasun jasangarria bultzatzeko helburuarekin, Askatasunaren Martiriak kaleko aparkaleku berria ere eraikiko dute

Mugikortasun jasangarria bultzatzeko helburuarekin, Askatasunaren Martiriak kaleko aparkaleku berria ere eraikiko dute. Azpiegitura honek Olibet auzoko bizilagunei eta RENFEko geltokiari zerbitzua emango die. Horrez gain, orain arte indarrean egon diren garraio publikorako laguntzak mantentzea ere aurreikusten du Udalak, hauek herritarren egunerokoan sortzen dituzten onurak aintzat hartuta.

Energia berriztagarrien atala bukatzeko, energia aurrezteko neurriak bultzatzen jarraituko dute argiteria publikoa berrituz eta EkiHerri energia komunitatearen bidelagun izanez besteak beste.

Kulturari bultzada berri bat ematea

Errenteriaren zutabe eta motor garrantzitsua da kultura. Arlo sozial zein ekonomikoan herriaren eraldaketarako duen garrantziagatik azken urteetan udal jardunean esangura handia izan du arlo honek. Azken urteetan garatutako bidea kontsolidatu nahi du udalak 2025ean, eta horretarako %3,6ko aurrekontu-igoera izango du Kultura sailak.

Horrez gain, ordea, proiektu garrantzitsu baten lehen pausoak ere emango dituzte, Altzaten ahotsaren eta musikaren etxea eraikitzeko lanei hasiera emango baitiete.