Hondarribiko Udalak, Zabalduz kooperatibarekin elkarlanean, ‘Auzosare’ proiektua abian jarriko du 2025ean, udalerrian bakardade egoeran dauden adineko pertsonen onura bilatzen duen ekimena. Hala eman zuen aditzera Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak, Gobernu Batzordean onartu zela eta udaleko talde guztiek babesten dutela azalduz. 

“Bakardadeaz asko hitz egiten da gaur egun, eta adineko herritarren osasuna eta gizarteratzea okertzeko arrazoi nagusienetako bat da. Horrek eragin negatiboa du pertsona horien autonomia eusteko orduan. Gure erronka adineko pertsona zaurgarrienei berriro gizarteratzeko eta ongizate egoeran sentitzeko laguntza ematea da Bakardade egoeran pertsona asko dago, baina askotan ez gara konturatzen zenbaiterainoko larritasuna suposatzen duen”, esan zuen Peñak.

‘Auzosare’ 2025 urtea hastearekin batera jarriko da martxan, hiru hezitzailerekin. Nabarmendu behar da Zabalduz kooperatibaren proiektua dela, eta hiru lan lerro nagusi lantzen dituela. Alde batetik, bakardade egoera hauskorren detekzio goiztiarra egitea eta jarraipena burutzea; bestetik, sentsibilizazioaren bidez, komunitateko bolondres eta eragile komunitarioen (auzozainak) aktibazioa, bakardade egoeran dauden pertsona horien bizi kalitatea hobetzeko. Azkenik, eskuhartze profesionala du, ikuspegi prebentibo batetik onuradunen autonomia eta bizi-kalitatea sustatzeko.

“Proiektuak herrian eragin handia izan dezakeela uste dugu”, gaineratu zuen zinegotziak.

Gizartearen aktibazio komunitarioa

Ekimen honekin, gizartearen aktibazio komunitarioa bilatu nahi da, eta horrela bakardade egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuna eman ahal izango da. Gainera, komunidadea Udaleko Gizarte Zerbitzuekin lotuta egongo da, pertsonen beharrak eta ongizatea erdigunean jarriz.