Ipuin-bilduma bat argitaratu dute Eskoriatzan ahozkotasuna berreskuratzeko, bertako kondaira eta istorioak bizirik mantentzeko, herriko euskara gordeta geratzeko eta haurrek betiko kontakizunen magiaz gozarazteko. “Eguneroko pasarteak fantasiarekin elkartu, pertsonaia eta agertoki harrigarriak irudikatu, eta horien hazietatik jaiotzen dira ipuinak. Kontakizun horiek guganaino iritsi dira, batez ere, ez hain aspaldian, familiek, etxeko sutondoan, ipuinak sortu, kontatu eta transmititu zituztelako, artaburuak aletzen zituzten bitartean. Industrializazioak, ordea, horretarako behar zen patxada berarekin eraman zuen, eta etxe gehienetan komunikabideek hartu zuten ahozko trasmisioaren lekua”, dio Miren Diaz de Gereñu eskoriatzarrak. Bera izan da proiektu honen hazia jarri zuen lehena.
“Pena da, berandu iritsi garelako gure adinekoen kontakizunak ahoz jasotzeko, baina, zorionez, gure aurretik, antzeko kezkak zituztenak ere izan ziren, eta, haiei esker, liburu honetako ipuinak gure inguruan, gure herrietan eta gure etxeetan ere kontatu zirela dioten idatziak aurkitu ditugu, batez ere, Barandiaranen Obras completas izenburuko lanean”, azaldu du Diaz de Gereñuk.
'Gatzagarren promesie', 'Urkuluko zubixe', 'Leteko karegillie'...
Bide luzea egin da 'Eskoriatzako eta Gatzagako betiko ipuiñek' liburua publikatu aurretik. Matxingorri taldean elkartuta, zenbait lagunek kondaira, istorio eta pasadizo desberdinak bildu dituzte. Guztira, 14 ipuinek osatzen dute liburua: 'Zuluen trabaute', 'Gaba gabekuendako', 'Atxorroxko kondairie', 'Gatzagarren promesie', 'Eulixek', 'Urkuluko zubixe', 'Mari', 'Irulie eta katu baltza', 'Ni neu naz', 'Txerrenen edadie' (Teresa Pagoaga gatzagarrak kontatutakoa), 'Lamiñaren potzue', 'Metal-ure', 'Leteko karegillie' eta 'Olentzero'. Kontakizun hauek “gurera ekarrita”, Eskoriatzako elizate bakoitzarekin lotu dute ipuin bana, mapa bat ere osatuz.
Euskara batuan eta euskalkian
“Testuetan erabili dugun hizkuntza-aldaerari dagokionez, hautua egin dugu bertako hizkeran eta euskara batuan egiteko. Hasiera batean, euskalkian bakarrik argitaratzea zen asmoa, baina, proiektuak aurrera egin ahala, iruditu zitzaigun egokia zela batuan ere jasotzea, horrek ipuinak boz goran kontatzea erraztu zezakeelakoan. Horrekin ez dugu gure hasierako helburua ahazten: alegia, istorio horiek imajinatu eta kontatu ziren eran batzea. Hau da, ahozko hizkuntzatik hurrago. Lan horretarako, Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Elkartearen irizpideak izan ditugu kontuan”, zehaztu dute Miren Diaz de Gereñuk eta Iñaki Agirianok.
Biak arduratu dira testuaz, Dorleta Kortazar, Karmele Agirregabiria, Oxel Uribe-Etxebarria, Arantzazu Loidi eta Ainhoa Segurarekin batera. Ilustrazioaren egileak, berriz, Miriam Isasmendi, Sara Agiriano, Maialen Gallastegi eta Naiara Errasti dira. Azken honek maketazioa ere egin du.
Bakoitzak bere alea jarri du, “sinistuta, ipuin hauek kontatzen ditugunean, haurrek eta helduek elkarrekin eraikiko dugun momentu atsegina elikatu eta haziko dela, gure kondairek denboran bizirik iraun dezaten laguntzen ari garela”, aipatu dute.
Ipuinen sorta hau Eskoriatzako liburutegian, Ibarraundi museoan, Ixkur ile-apaindegian, Arizmendiko Almen eta Jose Arana guneetan (eskola egunetan), eta Leintz Gatzagako Gatz museoan dago eskuragarri, 18 euroren truke