Euskal Herriko nekazal eta ganadu azoka garrantzitsuenetakoak, Santa Lutzi feriak, abenduaren 13an du bere hitzordua Urretxu eta Zumarragan. Erdi Arotik datorren ospakizuna da hau, baina XXI. mendeko izaeraz bustia. Izan ere, garaiarekin eguneratuz joan den merkatua izan da, baina, hori bai, bere esentzia mantenduz: baserritarra erdigunean jarriz.
Santa Lutzi feria herri bien artean egin ahal izateak aberastasuna besterik ez dio ematen ehunka urteko tradizioa duen festari. Egun osoan zehar bi udalerrietako kaleek lehen sektoreko produktuen 350 postu jasoko dituzte. Bertan, frutak, barazkiak, gazta, gozogintza eta artisautza, besteak beste, erosteko aukera egongo da.
Zaldiak, oilaskoak, kapoiak...
Ganadua da azoka hau bereizten duen ezaugarrietako bat. Gainera, bere protagonismo berezia du arrakasta handia lortu duten lehiaketa ezberdinen eskutik, hala nola, zaldiena, oilaskoena edo kapoiena.
“Tratuak, batez ere, lehen orduetan eta eguerdi aldera egiten dira. Baina, gutxituz joan da. Xarma hori galdu egin da, eta etxean gehiago saltzen da “
Naiara Peñagarikanok ez du hutsik egingo gaur Urretxuko eta Zumarragako jaian. Gabiriako Landaberri baserriko 24 urteko gazte honek gorriz markatuta dauka egun hau egutegian. “Txikitatik etorri naiz azokara. Familian tradizio bat da”, azaldu du. Profesionalki enpresa batean lan egiten duen arren, Naiarak etxean laguntzen du ganaduarekin. Ahuntzak, oilaskoak, behiak... dituzte. Gaur “bospasei behorreko lote batekin” egongo dira ganadu erakusketan. “Oso egun polita da; bizia”, dio.
Jose Ramon aitarekin eta Iker anaiarekin joango da azokara. Hirurak goiz jaikiko dira, bisitari-oldea merkatura iristen denerako dena prest izateko.
30 urte elkarrekin antolatzen
Zalantzarik gabe, Santa Lutzikoa historia handiko feria da. Hasiera batean Ezkion ospatzen zen, baina 1727 urtean Urretxun egitera pasa zen. Herri hau XIX. mendearen erdira arte izan zen azokaren eszenatokia, baina ordutik aurrera Zumarragan ere ekin ziren postu ezberdinak kokatzen. “Urretxuk protesta ofizial ugari luzatu zituen, hala ere, Zumarraga urteen poderioz gero eta saltoki gehiago bere lurretan jartzen zirela ikusten hasi zen. Honela joan zen feria Urretxuko Aldapatik Zumarragako kaleetara hedatzen”, aipatzen dute merkatu honi buruzko kontakizunek.
Lehiaketak eta salmenta dira osagai nagusiak, baina euskal oiloen erakusketak, Arabako Errioxako Ardoaren azokak, argazki rallyak, herri kirolek, eta profesionalen arteko pilota partidek ere girotzen dute egitaraua
1994 urtetik hona bi udaletxeak lankidetzan aritzen dira antolakuntzan, eta feria guneak erabat lotzen ditu bi herriak. Ugaritasuna eta kalitatea dira azoka honen ezaugarri berezienak. Era guztietako produktuak aurki daitezke eta milaka bisitari hurbiltzen dira urtero festaz gozatzera. Gaur ez da gutxiago izango.
Gero eta gazte gehiago
“Tratuak, batez ere, lehen orduetan eta eguerdi aldera egiten dira. Baina, gutxituz joan da. Xarma hori galdu egin da, eta etxean gehiago saltzen da “, adierazi du Peñagarikanok. Landaberri baserriak bere behorrekin lehiaketan parte hartuko du aurten ere. Gogo handiz ekingo dio egunari Naiarak, eta pozik dago “gero eta gazte gehiagok, berak bezala, azokan parte hartzen dutelako”.
Lehiaketak eta salmenta dira osagai nagusiak, baina euskal oiloen erakusketak, Arabako Errioxako Ardoaren azokak, argazki rallyak, herri kirolek, eta profesionalen arteko pilota partidek ere girotzen dute egitaraua. Azken finean, Santa Lutziakoa oso bizirik dagoen jaia da.