Katxiporretako pailazoek Legazpin aurkeztu ohi dituzte beraien ikuskizuna. Azkenekoa ere bertan aurkeztu dute, herriko ikastetxeetako haurren gozamenerako.
Bi emanaldi eskaini zituzten atzo Latxartegi aretoan eskola orduetan. Bi saioen artean, 473 ikasle eta irakasle elkartu ziren. Goizeko saioan, Domingo Agirre eskolako Olatz Orozkok eta Haztegi ikastolako Maialen Mujikak Katxiporretako pailazoen eskutik opari xume eta sinboliko, baina esanahiez betea jaso zuten: ezti pote bat euskararen bidea goxatzeko eta indarrak emateko, eta erle-argizariz egindako kandela bat bide hori argitzeko. Keinu hau Legazpiko bi ikastetxeek euskararen alde egindako lana eskertzeko eta 2025eko Euskaraldia dela eta, bultzada kolektiboarekin bat egiteko modua da.

Pailazoen ikuskizun berriak Ostirala iritsi da! du izenburua eta 2023ko azaroan argitaratutako Txapasen kaxa magikoa ipuin eta disko ilustratuetan dago oinarrituta. Josu Txapartegi Aramendi (Zarautz, 1946), Txapas ezizenaz ezaguna, euskal akordeoilari, idazle, abesbatzako zuzendari, organo-jole eta sortzaile oparoa da, Imanol Urbietaren lagun eta kide oso gertukoa izandakoa. Irakasle jubilatua da egun Txapas, nahiz eta inoiz ez den heziketa mundutik erretiratuko. Bere bizitzan hamaika abesti sortuak dauzka eta astero astero egiten die ikasgelara bisita haurrei kontu-kantari. Abesti horien artean Ostirala iritsi da! da Txapasek sortutako kanturik ezagunena. Ostiralero ikastetxe askotako jolastokietan entzun daiteke.
Horregatik guztiagatik, lan honekin Katxiporreta Kooperatibak aitortza egin nahi die Txapasi eta berak bezala, egunerokotasunean haien balioak eta bizipenak maitasunez eta ilusioz partekatzen dituzten hezitzaile guztiei. Ostirala iritsi da! saioan Txapasen zein Imanol Urbietaren kantuek presentzia berezia dute (Xabier Zabala konpositore eta musikoak egindako konponketekin), baita jolasek, naturak eta bestelako sorpresek ere.
Ikuskizun berriaren ardatza Txapas irakaslearen azken lan eguna da. Harekin bizitako abenturak eta ikasitako gauza polit guztiak ospatzera datoz Pupu, Lore, Porrotx eta Marimotots herriko lagunekin batera. Basoa, jolasak, eskulanak, kantuak, irriak eta bihurrikeriak ez dira faltako. Txapasekin beti da ostirala!
Ikasturte honetan Katxiporretak eskainiko duen ikuskizunean ez da Aiora Zulaika Soroa Pirritx arituko, atsedenaldia hartuko baitu. Abentura berri honetan, urterokoaz gain, artista berri bat taularatuko da taldearekin, Joanes hain zuzen ere. Oso gaztea izanik ere pailazogintzan (Pontx pailazoa) eta aktore lanetan (Go!azen) eskarmentu handia duena.
Aktore lanetan honako lagunek hartuko dute parte: Porrotx (Joxemari Agirretxe Kerexeta), Marimotots (Mertxe Rodriguez Serrano), Pupu (Izaskun Forcada Pascual), Lore (Joanes Etxebeste Bernet) eta Txapas (Oihana Sanchez Artieda).