Botoa emateko epea zabaldu du Azpeitiko Udalak aurtengo Kirol Sarien protagonistak aukeratzeko, kirol taldeek nahiz herritarrek egindako proposamenak jaso ostean. Boto-ontzi bana dago kiroldegian eta igerilekuan, eta aurten Internet bidez ere eman ahal izango da botoa, udalaren webgunean dagoen galdetegia betez. Azaroaren 25era arteko epea dago horretarako.

Aurreko urteetan, larunbat eguerdiz egin izan da Kirol Sariak banatzeko ekitaldia. Aurten, ordea, Santo Tomas bezperan izango da, abenduaren 20an, 19.00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunean.

25 urteko ibilbidea

2000. urtean hasi zen Azpeitiko Udala Kirol Sariak ematen, eta 2020. urtean ez beste guztietan eman ditu (urte horretan, covidagatik ez zen egin ekitaldia). 25 urte hauetan banatutako sariak Mikel San Juan tailugileak egin ditu, eta abenduaren 20an bertan, erakusgai egongo dira Sanagustinen.

Hilabete geratzen da jakiteko zeintzuk ordezkatuko dituzten irabazleen palmaresean iaz sarituak izan zirenei. 2023ko kirolari onenaren saria gizonezkoetan Ibai Angulorentzat izan zen. Elena Viles Errealeako futbolariak, berriz, urteko kirolariaren saria irabazi zuen emakumeetan eta, azkenik Joxean Aranetak, Lagun-artea eskuderiaren sor-tzaileak jaso zuen urteko boluntarioaren saria automobilismoa sustatzeko egindako lanagatik. ¿Nortzuk izango dira aurten sarituak?.

Gizonen kategoria

Hautagaien zerrenda luzea da. 15 izen daude gizonezkoen kategorian eta beste zazpi emakumeenean. Horiei gehitu behar zaizkie boluntarioen zerrendan dauden beste 10 hautagaiak

Hauek dira herriko klubek aurkeztu dituzten hautagaiak urteko kirolariaren saria irabazteko gizonezkoen kategorian: Andoni Etxeberria, (areto futbola); Julen Amenabar (karate); Eneko Martija (pala); Aimar Egiguren (eskupilota); Ion Del Cid (automovilismo); Xabier Aranburu (igeriketa); Lagun Onak F.T.ko jubenil taldea (futbola); Ierai Aizpitarte (saskibaloia); Peio Ziarsolo (mendi lasterketa); Eñaut Agirre (futbola); Oier Eceiza (mendi bizikleta); Alejandro Monasterio (xakea); Josu Errazkin (txirrindularitza); Jokin Maiz (atletismoa); eta Aitor Mimenza (atletismo), herritarrak aurkeztuta.

Zazpi izen emakumeetan

Emakumeen kategorian hauek dira saria irabazteko aukera dutenak: Laia Elortza (igeriketa); Loretoki Gimnastika Kirol Klubeko infantil kategoriako taldea (gimnasia); Lagun Onak Futbol Taldeko kadete neskak (futbola); Domusa Teknik ISB taldea (saskibaloia); eta Erlo taldeko Saioa Iriondo, Maite Maiz eta Gema Segurola (Mendi Lasterketa).Azkenik, Naroa Uria (mendi lasterketa) eta Maite Etxezarreta (atletismoa), bi hauek hautagaitzak aukeratzerakoan herritarrek proposatutakoak.

Boluntarioei errekonozimendua

Urteko boluntarioa aukeratzeko zerrendan 10 hautagai daude: Nuria Agirrezabal (Galaktik Areto Futbol Taldea), Ander Alberdi (Izarraitz Igeri Elkartea); Jexux Araneta (Urraki Eskuderia); Xiker Aizpuru (Arauntza Riders); Stephanie Thurman (Iraurgi Saskibaloi Taldea); Aitor Elustondo (Xaputarrak Xake Taldea); Jexux Alberdi, Katran (Lagun Onak Mendi Bazkuna); Aitor Garate (Ikasberri Kirol Elkartea); Aitor Etxezarreta (Lagun Onak Futbol Taldea), eta Ehun Milako Antolatzaileak (herritarrak aurkeztutakoa).