Urretxuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak pasiotarren eraikina berritzeko hitzarmena aldatuko dute, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien oniritziarekin. Izan ere, aurrekontua igo egin da. Aurrekontu berria 4,5 milioikoa da. Aldundiak Aspaceren egoitza berriaren %100a ordainduko du eta adinekoentzako apartamentuen %75a. Aldundiak ia 4 milioi jarriko ditu.
Aspacek egoitza berria izango du pasiotarrena zen eraikinean. Bertan eguneko zentroa eta erabiltzaileentzako apartamentuak izango ditu. Pasiotarrena zen eraikinean adinekoentzako apartamentuak ere egiten ari dira. Hamar, hain zuzen ere. Obra bide onetik doa eta Aspaceren egoitza berria eta adinekoentzako apartamentuak datorren urteko maiatzean inauguratzea espero dute.
Egitasmo hau azken legealdi hauetako garrantzitsuenetakoa da. Izan ere, pasiotarrena zen eraikinari erabilpena ematea lortuko da eta gizarte arloko premia bati erantzuna emango zaio. Pasiotarrena zen eliza ere Udalaren eskuetara pasa da. Honek gune soziokultural bat egokitu du bertan eta bere erabilpena arautzeko eta sustatzeko lan egiten ari da. – A.Z.