Lasarte-Oriako Antonio Mercero Aretoan Emakume Sortzaileen 2. Jardunaldia antolatu du Ihitten elkarteak. Datorren asteazkenean izango da, 18.30ean. Sorkuntza Memoriatik izenburupean, hiru emakumeren lanen berri izango dute bertaratzen direnek. Nagore Legarreta argazkilariak Ibaia ez da toki bat eta Fanny Alonso Collantes eta Maddalen Porroy Intxausti diseinatzaileek Kotoi proiektuak aurkeztuko dituzte.
Ihitten elkartea ikus-entzunezko arloan dabiltzan emakumeak saretzeko sortu zen, “beti ere nongoak garen eta non eragin nahi dugun ahaztu gabe”, azpimarratzen dute.
Hortaz, asteazkenean aurkeztuko diren bi proiektuetan memoria da lan artistikoaren oinarria eta ardatza; “garai bateko espazioak, jendearen oroitzapenak eta bizipenak sorkuntzarako lehengai ere badirela frogatuz eta baliatuz”.
Urumea ibaia
Saioari Ibaia ez da toki bat (38 minutu, azpidatziak gazteleraz) lanak hasiera emango dio. Nagore Legarreta argazkilariak urtebete pasa zuen Urumea ibaiari argazkiak egiten, eskuz eraikitako kamera estenopeikoekin. Testigantza ezberdinak entzunez, ibaiaren inguruko bizipen, ikuspegi eta emozio ezberdinak jasotzen ditu dokumentalak, Urumea bailarako biztanleek ibaiarekin duten erlazioa urazaleratuz. Dokumentala Beñat Iturriozek zuzendu zuen.
Omenaldia
Bigarren proiektuak, Kotoi izenburukoak, Andoaingo La Algodonera fabrikan lan egin zuten emakumeak omentzen ditu.
Fanny Alonso Collantes moda diseinatzailearen proiektua da, lantalde batekin gauzatua. Kotoi fabrikan lan egindako hainbat emakume elkarrizketatu dituzte, haien lan baldintza gogorrak, haien bizipoza eta eskuzabaltasuna jasoaz. Proiektuaren xedea emakume haien bizi istorioak kontatzea da, ahanzturatik berreskuratuz.
Dokumentala eta aurkezpena ikusi ondoren solasaldia izango da, hizlariek proiektuok osatzeko izandako esperientzia partekatuko dute bertaratzen direnekin. Ideiaren hastapenak, bilakaera, hura gauzatzeko bizitutako partekatzen baitituzte. Hasteko emakume izatea, sorkuntza bizi-proiektutzat hartzea, eta guztiona den memoria berreskuratzea, lehenestea eta balioan ipintzea.
Lehenengo edizioa
Pasa den ekainean Lasarte-Oriako bost emakume sortzaileren bizipenak ezagutu ondoren, bigarren jardunaldi hau antolatu du Ihitten elkarteak. Jardunaldi hauen helburua emakume sortzaileen lana ezagutzea, ikusaraztea eta aitortzea da.
Lehenengo edizio horretan Lasarte-Oria: istorio zumez egina dokumentala, Lasarte-Oriako hainbat emakumeren bizi istorioek sortutako historia ez hain ezagunaren kontakizuna, aurkeztu zen. Emakume Sortzaileen 2. Jardunaldi hauek baliatuko dituze, urriaren 23an Lasarte-Oria: istorio zumez egina dokumentala jende guztiarekin partekatzeko moduan ipintzeko. Lasarte-Orian eta inguruko herrietan ikusi ondoren, nahi duenak, nahi adina aldiz ikusi ahal izango du www.ihitten.eus web-orrian.