1936tik 1978ra Oiartzunen giza eskubideen urraketak, errepresioa eta motibazio politikoko beste indarkeria batzuk jasan zituzten emakumeen historia berreskuratzen hasiko da Aranzadi zientzia elkartea, Oiartzungo Udalak bultzatuta. Ikerketa honen berri emateko, asteazkenean aurkeztuko dute proiektua jendaurrean, 18.00etan udaletxeko pleno aretoan.
Ione Zuloagak, Aranzadi zientzia elkarteko historialariak, egingo du ikerketa. Asteazken arratsaldeko aurkezpenean, Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean (1936-1945) hitzaldia eskainiko du eta burutu nahi duen ikerketaren nondik norakoak azalduko ditu ondoren.
Oiartzuarren parte-hartzea
Aditzera eman dutenez, oiartzuarren ekarpena ezinbestekoa izango da ikerketarako. Izan ere, familiartean gelditu izan diren kontakizunak izango dira ikerketaren abiapuntu nagusia. Horretarako, herritarrak animatu dituzte aurkezpenera joan eta etxeko edo gertukoengandik iritsi zaizkien gertaerak, bizipenak edo argazkiak partekatzera.
Zuloaga ikerlariarekin harremanetan jartzeko bideak ere eskura jarri dituzte, izuloaga@aranzadi.eus-era idatzita edo 943 466 142 zenbakira deituta.
Oiartzungo Udaletik azpimarratu dutenez, gerra eta diktadura frankistako lehen ikerketak, nagusiki, bataila handietan eta liderren historiaren kontakizunetan oinarritu ziren. Zenbait emakumek gerran edota frankismoko kartzeletan bizitu zituzten egoerak ere jaso zituzten liburu ezberdinetan, 70-80ko hamarkadetan. Dena den, isilpean gelditu dira gertaera gehienak, edo ahoz aho kontatu diren arren, ez dira ikertu eta idatziz jaso.
Ikerketa gutxi
Orain hamabost urte hasi ziren garai horretan espezializatutako ikerlariak, metodologia zientifikoaren bidez eta genero ikuspegia aplikatuz, emakumeek 1936-1978 bitartean izan zuten papera.
Hasitako bidean sakondu eta gerran eta frankismoan emakume oiartzuarrek izan zituzten bizi baldintza gogorrak dokumentatu nahi ditu Aranzadik proiektu berri honekin: kartzelako egoera penagarriak, ile mozketak, umilazioak, bortxaketak, erbeste behartua, gerra kontseiluak… Estalitako historiaren parte hori erakusteko egingo dute ikerketa, emakume oiartzuar haiei guztiei izen-abizenak jarri eta beraien memoria berreskuratzeko.
Oiartzunen, Kattin Txiki urte luzez ibili da memoria historia berreskuratzeko lan nekaezina burutzen.