Síguenos en redes sociales:

Azaroaren 1ean Beñat Elzo Mendi Lasterketa egingo da Hondarribian

Azaroaren 1ean Beñat Elzo Mendi Lasterketa egingo da HondarribianA.M.S.

Beñat Elzo Mendi Lasterketaren bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta, aurrekoetan bezala, publiko ezberdinei zuzendutako hiru proba izango ditu.

Alde batetik, 11.00etan Kirol Kaian mendi lasterketa hasiko da, 10,75 kilometro izango dituena. Izen-emateak www.kirolprobak.com webgunean egin daitezke, urriaren 29ra arte, 20 euroren truke. Gainera, lasterketaren egunean ere izena emateko aukera egongo da, 30 euroren truke. Dortsalei dagokienez, urriaren 31n jaso ahal izango dira, 18.00etatik 21.00etara, Izurde Klubean (Minatera Ibilbidea 4), eta probaren egunean 9.00etatik 10.00etara. 

Bestalde, azoaren 1ean, 9.00etan, 10 kilometroko mendi martxa egingo da, eta 12.30etan familien lasterketa. Azken honek 1,5km-ko ibilbidea izango du Kirol Kaian zehar. Bi kasuetan dortsalak San Pedro kaleko Kofradiaren dendan eros daitezke, mendi martxarako 15 euroan, eta bigarren probarako haurrentzat 5 euroan eta helduentzat 10 euroan. Gainera, aurten ere paella solidarioa prestatuko da, eta tiketak Kofradiaren dendan saltzen dira ere, 7 euroan.

Ekitaldi solidarioa

Gaur egin den aurkezpenean, Lupe Queiruga Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotziak azaldu du Beñat Elzo Mendi Lasterketa ez dela kirol ekintza batera mugatzen, soldaritatea ere baduelako. “Izan ere, urtero antolakuntzak jasotzen duen dirua gaixotasun minoritario baten inguruan lan egiten duen elkarte bati bideratzen dio, gaixotasun horiek ezagutzera emateko”, esan du.

Aurten aukeratutako elkartea Adeles Gipuzkoa izango da, lupusa duten gaixoei laguntzeko elkartea. Gorputzeko defentsek zelula eta ehun osasuntsuei erasotzen dien gaixotasuna da lupusa. Hori gertatzerakoan, antigorputzek hantura sortzen dute, eta gaixotasunak organo bati edo batzuei eragin diezaieke, baita nerbioari, odolari, muskuluari, digestioari, arnasketari eta abarri ere.

Gaur egun lupusak ez dauka tratamendu espezifikorik, sintomak minimizatzen dituzten medikamentuak baino ez, ez dagoelako argi zerk eragiten duen gaixotasun hau. 

Adeles elkartearen lana gaixotasunari ikusgarritasuna ematea da batez ere, baita elkartean dauden gaixoei orientazioa eta laguntza psikologikoa ematea, eta haien egunerokoa hobetzen laguntzen dieten hainbat motatako tailerrak eskaintzea ere.

Queirugak azaldu duen bezala, elkarteari lagundu nahi dion jendeak, baina lasterketan parte hartu ezin duenak, kamiseta Kofradiako dendan eros dezake, edo Bizum bat egin 10122 kodea erabiliz.