Azkoitiko Udala, Gazteria eta Prebentzio sailetatik, ikastetxeekin lankidetzan garatzen ari den Tratu On programaren baitan, haurren eskubideen inguruko hitzaldia eta solasaldia antolatu dira. Saioa urriaren 17an, osteguna, izango da Elkargunean 17.30ean hasita. Giza eskubideen eta bereziki haurren eskubideen aditua den Juan Martín Pérez Garcíak zuzenduko du saioa. Haur eta nerabeen babeserako politikak, Tratu On egitasmoaren planaren ezaugarriak eta eskubideak jorratuko dira bilkuran zehar.

Erreferentea

Juan Martín Pérez Garcíaren hitzaldiaren izenburua Haurren Eskubideak, Legegintza-Aurrerapenak eta Herritartasun Digitala da. 30 urtetik gora daramatza Juan Martín Pérez García adituak haurren eta gazteen giza eskubideen inguruko erakundeetan lanean. Psikologoa formazioz, hainbat artikulu akademikoren egilea da, eta erreferente bihurtu da Mexikon, Ameriketan eta Europan

Gurasoentzat eta profesionalentzat

Biharko hitzaldia gurasoei, haur eta nerabeen arretara bideratutako profesionalei eta hezkuntza arloko eragileei zuzenduta dago bereziki, antolatzaileen esanetan. – A.Z.