Astazken honetan, Ezkioko Igartubeiti baserriko Sagardo Asteari hasiera eman zioten. Ekitaldian Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak, Jon Luqui Urola Garaia mankomunitateko lehendakariak, Libe Otegi Aldundiko Turismo zuzendariak eta Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariak parte hartu dute. Aurkezpenaren ondoren, dolarea martxan jarri dute. Lehen bisitariak Lazkaoko Maizpide euskaltegiko ikasleak izan dira.
Dolarea ikusgai
Datozen egunetan ere dolarea martxan ikusteko aukera izango da: gaur, bihar, 14an, 15ean, 16an, 17an eta 18an, 11.30ean. Gainera, larunbatean, igandean eta hilaren 19an kirikoketa erritmoan jarriko dute martxan dolarea. 12.00etan hain zuzen ere.
Horretaz gain, larunbatean, igandean eta hilaren 19an, 11.15ean, antzezle talde batek garai batean baserrian nola bizi ziren erakutsiko du.
Bestalde, Igartubeitik ere Eduardo Chillida eskultorearen jaiotzaren mendeurrenarekin bat egin du. Larunbaterako eta hilaren 19rako Legazpiko Chilllida Lantoki museoan bisita gidatuak antolatu ditu. Bisitak gazteleraz izango dira, 17.00etan.
Ekitaldi hauetan izena eman nahi dutenek 943 722 978 telefono zenbakira deitu behar dute edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzi.