Gerra Zibilak Usurbilgo kaxkoan izandako eragina eta garai hartan jazotako hainbat pasarte agerian jartzeko helburuarekin, Usurbil 1936 oroimen elkarteak Gerraren memoria ibilbidea osatu du.
Gaur elkarteko kideek bisita gidatu bat antolatu dute panel informatiboekin markatu dituzten zortzi puntuetara. Partaideak 18.00etan elkartuko dira Mikel Laboa plazan eta ordubeteko ibilaldia burutuko dute. Ekimenak oso harrera ona izan du, plaza guztiak bete baitira.
Ibilaldia
Aurrerago, ibilaldi hau 650 Usurbil Biziren bidez eskainiko da: data berriak lotu ahala, 650 Usurbil Biziren webgunean kontsultatu ahal izango dira.
Ibilaldia ere norberak bere kasa egin dezake. Izan ere, geldialdi bakoitzak bere totema du, gutxieneko informazioarekin, eta QR kode bana ere izango dute, gehiago jakin nahi dutenentzat. “Horri esker, nahi duenak ibilbidea bakarka egin dezake edozein unetan”, azaldu dute Usurbil 1936 elkartekoek.
Esan bezala, ibilbideak zortzi geldialdi ditu, herrigunean bertan, eta bakoitzean jasotako azalpenek kontakizun labur bat osatzen dute. Zentzu horretan, “informazioaren koherentzia mantentzeko”, ibilbidea geldialdien hurrenkeran egitea gomendatu du elkarteak.
Gaurkoa elkarteak osatutako bigarren bisita gidatua da: duela hilabete batzuk aurkeztu zuten lehenengoa, Andatzako lubakiak erakusten dituena. 2022 eta 2023ko udaretan garbiketa eta indusketa arkeologiko sakona burutu zuten, ondare historiko hori ikusgai jartzeko. Honela, Andatzako oroimen ibilbidea ondu zuten. Hemen ere bidea markatu eta azalpenak eskura jartzeko, geziak, panelak eta QR-z hornitutako totemak jarri zituzten.
Oroimena Andatzan
2020an sortu zen Usurbil 1936 oroimen elkartea. Hasieratik izan du Udalaren laguntza eta babesa, eta lan andana egin dute ordutik. Usurbilen ere “arrasto sakona” utzi zuen gerrak, baina ez zen haren inguruko ikerketarik egin aurrez, eta lan horri heldu diote.
“1936ko uztailean kolpistek Errepublikaren aurka matxinatu eta garaile suertatu ondoren ezarritako diktadurak ezkutuan eta isiltasunean utzi zituen gertakizun asko. Errepresioa eta bidegabekeria latzak pairatu zituzten hainbat herritarren historia eta istorioak ezezagunak dira gehienontzat, are eta gehiago garai hura bizi izan zuten belaunaldiak desagertzen joan diren heinean”, adierazi zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak ibilaldi gidatuaren aurkezpenean. Zailtasunak zailtasun, informazio ugari berreskuratu ahal izan du elkarteak, eta lortutako dokumentu, testigan-tza eta datuak, baita burututako ekimenak ere, www.usurbil1936.eus orrialdean jaso dituzte.
Zentzu horretan, euskarriak sortzearen garrantzia nabarmendu zuen Solaberrietak: “Nabarmentzekoa da elkarteak sortu duen webgunea: ondo egituratutakoa, argia, dokumentatua, izen-abizen andana eta testigantzen gune eta altxorra. Izugarrizko ekarpena egiten dio gure herri memoriari, herri eraikuntzari, bizikidetzari eta curriculumari”.
Belaundaldiz-belaunaldi
Alkateak elkartearen lana goraipatu zuen, eta Usurbil 1936 elkartearen eta Udalaren arteko hitzarmenak proiektua indartu eta gorpuzteko izandako garrantzia azpimarratu zuen: “Hitzarmenak eta elkartetik boluntarioki egindako lan andanak ahalbidetu du hamaika proiektu abian jartzea, guztiak ere memoria historikoa berreskuratu eta gaurko eta ondorengo belaunaldiei transmititzeko”.
Udalak eta Usurbil 1936 elkarteak lau urterako hitzarmena sinatu zuten 2020an. Udalak 100.000 euro inguruko ekarpena egin zuen, eta aldeek hartutako konpromisoak beteta, amaitzear da, egun. “Ez dut dudarik; zinez emankorra izan da lankidetza honek utzi diguna. Espero dut herri hau gai izatea bere memoriaren berreskurapenean jarraitzeko, bizikidetzarako ezinbesteko oinarria da eta sinesten dugu berriro halakorik ez gertatzeko bermea b”, amaitu zuen alkateak.
Hitzaldia
Urriaren 15ean
Andatzako lubakiak
Usurbil 1936 elkarteak beste hitzordu bat antolatu du hilabete honetarako. Urriaren 15ean Sutegi kultur etxean 19.00etan, Josu Santamarina arkeologo eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan Historia Garaikideko irakasleak hitzaldia emango du, Andatzako lubakietan 2022 eta 2023 udetan egindako indusketen inguruko nondik norakoak eman eta bertan aurkitutako materiala erakutsiko du. Material hori Sutegin, beira-arasa batzuetan, jarriko da bisitariek ikus dezaten.