Ikasberri Kooperatibak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatuta, Kilometroak txikia ospatu zen 27an, beste hainbat eragile batzuen laguntzarekin. Hainbat jatorritako azpeitiarrek beren herrialdeetako hizkuntza, kultura eta ohiturak ezagutarazteko eguna izan zen, bai eta euskara plazara eramateko eta ezagutzen ez dutenei ezagutarazteko.

Ikasberritik azaldu dutenez, “ekintza guztiak izan ziren elkarlanean antolatutakoak, ez genuen ezer antolatu guk bakarrik. Sinesten dugulako elkarlanean, komunitatearen indarrean, auzolanean”, eta horretarako Ikastolak “ahalegin berezia” egin zuen.

Jaia Atzegiko kideek eta ikastolako ikasleek kartel zein mural koloretsuekin apaindutako herriko plazan ospatu zen. Bertan kokatu ziren, besteak beste, Nikaragua, Honduras, Argentina, Sahara, Peru, Maroko, Kuba, Euskal Herria, Mali eta El Salvadorreko postuak, herrialde bakoitzeko eskulan, janari, argazki, arropekin, etabar. Herri bazkaria egin zen ere, bai eta krostadarra. Azkenik, egun borobil horri bukaera emateko, Eskapaie elektrotxarangak zein Belako eta Nize musika taldeek emanaldi bana eskaini zuten.

Aniztasun izpiak, Kilometroak txikia jaiak bete-betean lotu zituen Kilometroen urtean landu diren hiru ardatzak: euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna eta herrigintza. “Euskara, ikastolen ardatza eta oinarria ez ezik, zubi ere izan zen eguna antolatzeko orduan gainerako kulturekin eta hizkuntzekin”, diote Ikastolatik. Horrez gain, Azpeitian abian den Euskara eta kulturartekotasuna proiektuari lotuta kokatu zuten egun hori; Azpeitiko Udalak, UEMAk, Huhezik eta herriko ikastetxeek zein eragileek elkarlanean abian duten egitasmoa da. Azpeitiko Ikastolak “kulturarteko harremanen adierazpidea euskara izatea” nahi du. “Gure hizkuntza delako, alde batetik; eta euskaratik eraiki nahi ditugulako herri honetako askotariko harremanak, bestetik. Aniztasunaren harreman hizkuntza euskara izanda, Euskal Herrian hizkuntza gutxiagotua kulturarteko harremanen zubi eraikitzailea izatea nahi dugu”.