Azkeneko Oiartzungo osoko bilkuran, 2025eko ordenan-tza fiskalak behin-behinean onartu ziren gobernu taldeko aldeko bozkekin eta EAJko abstentzioarekin. Udal zerga eta tasak orokorrean %2 igotzea onartu zen, KPI baino gutxiago.

Alabaina, badago salbuespen nabarmen bat: hondakin tasa %45 garestituko da. Hondakin eta lurzoru kutsatuari buruzko Europako legedi berrira egokitu behar du Oiartzungo Udalak. Araudi berriak zehazten du herriek hondakinen kudeaketa zerbitzuei lotutako tasa sistema ez defizitario bat garatu beharko dutela, eta beraz, hondakinen tasek erabat estali behar dituztela hondakin horien kudeaketa gastuak.

Hala, 168 euroko tasa izango da urtean, hilean lau euro gehiago. Ordainketa errazteko, bi zatitan ordaindu beharrean hirutan egitea erabaki dute. Puntu honi dagokionez, udal Gobernuak Oiartzunek hondakin tasa baxuenak dituzten udalerrien artean egoten jarraituko duela defendatu zuen.

"Sistema garestia"

EAJk, aldiz, atez ateko sistema garestia dela kritikatu zuen eta beste batengatik aldatu beharko litzatekeela argudiatu zuen.

Bestalde, EH Bilduko Gobernuak aurten lanketa berezia egin duela zerga ordenantza berria osatzeko azpimarratu zuen, Oiartzungo errealitate sozioekonomikoa oinarri hartuta. Honenbestez, orain arte zeuden neurri eta hobariak indartu eta berriak proposatu zituzten.

Honela, Udalarentzat estrategikoak diren helburuak lortu nahi dira: herrian kohesio soziala indartzeko eta errenta baxueneko bizikidetza unitateak laguntzeko, trantsizio ekosoziala bultzatzeko eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko.