Itziar Salaberria Uggasa garapen agentziako zuzendaria da. Urola Garaiaren orainari eta etorkizunari buruz hitz egin du. 

Nola ikusten duzu industria eskualdean?

Industria mantentzea eta indartzea funtsezkoa da eskualdearen garapenerako. Izan ere, hazkunde ekonomikoa sustatzen du, enplegua sortzen du, beste hornitzaile eta tokiko sektore batzuen parte hartzea sustatzen du eta, azken finean, dinamismo ekonomikoa eta aberastasuna sor-tzeko gaitasuna ere indartzen du. Azken 5 urteetan, nahiz eta industria enpresen kopuruak behera egin duen, sektoreko afiliazioak gora egin du. Beraz, industria enpresa gutxiago ditugun arren, enpresa horiek tamaina handiagokoak dira, eta hori ez da batere datu txarra. Gaur egun, lehiakortasunerako alderdi garrantzitsua da enpresaren tamaina. Hori horrela izanda, estrategiak industriak eskualdean duen pisuari eustearen eta talentu gaztea gure enpresetan mantentzearen alde egin behar du. Aldi berean, enpresa digitalizatuago, jasangarriago eta lehiakorrago baterantz bidea ahalik eta gehien erraztu behar du, programa eta proiektu ezberdinen bitartez.

Eskualdeko enpresak teknologia berrietara ondo egokitzen ari al dira?

Itxura guztien arabera, teknologian inbertitzea, enpresen eraldaketa digitala eta pertsonen kualifikazio egokia, faktore erabakigarriak izango dira enpresen balio erantsia handitzeko. Zentzu horretan, azken urteotan gure industria enpresen eta industriari lotutako zerbitzu enpresen teknologia maila igotzen ari da. Horren adierazgarri, SmartLog taldeak azken urteetan garatutako logistika ingeniaritza zerbitzuak ditugu. Hurrengo bi urteetan SmartLog-ek 12 milioi eurotako inbertsioa egingo du berrikuntza eta talentu zentro batean, Urretxuko Mugitegi poligonoan. Horrek inpaktu oso positiboa izango du eskualdean eta, lankidetzan arituz gero, inpaktu hori biderkatzeko aukera paregabea izango dugu. Bestalde, eskualdeko beste hainbat industria enpresa eraldaketa digitalean pausoak ematen ari dira. Azken lau urteetan 20 enpresa baino gehiagorekin egin dugu lan eraldaketa digitalari bultzada emateko. Gainera, enpresa asko adimen artifizialaren erabileraren inguruko formakuntza jasotzen ari dira. Horrek ere aldea markatuko du enpresen artean, adimen artifiziala ondo erabiltzen ikasten duen enpresak beti izango baitu abantaila garrantzitsu bat lehiakideekiko. Dena den, teknologian eta I+Gko gastuan eskualde honetan egiten den inbertsio maila kontutan izanda, trantsizio tekniko-teknologikoan lagun-tzearen aldeko apustuak ibilbide luzea du.

Enpresen arazoetako bat langile kualifikatuen gabezia da. Urola Garaia eskualdean ere hori gertatzen ari al da?

Bai, noski. Gaur egun enpresa oso erakargarria behar duzu izan horrelako arazorik ez izateko. Enpresentzako erronka berriak sortzen ari dira alor horretan, egungo testuingurua oso ezberdina delako duela 5-6 urte zegoenarekin alderatuta. Pandemiaren ondorioak bereziki iraunkorrak izan dira pertsonen lan ingurunearekiko harremanetan. Banakako lehentasunak eta balioak, belaunaldi berrietan jada aldatzen ari zirenak, azkartu egin dira egungo testuinguruan. Beraz, duela urte batzuk baino askoz konplexuagoa da talentuaren aldeko lehia. Talentu gaztea atxikitzeko gako berriak landu behar dira: lan malgutasuna, pertsonalki garatzeko eta hazteko aukerak, autonomia, kontziliazioa, inklusioa eta aniztasuna... Izan ere, eskualdeko enpresetatik geroz eta kezka handiagoa jasotzen ari gara gai hauen inguruan: talentu kualifikatua erakar-tzea eta atxikitzea, profilen bilakaera eta digitalizazioaren beharrak, pertsonen inplikazioa eta konpromisoa eta belaunaldi erreleboa. Hori guztia dela eta, talentuaren kudeaketa lehentasunezko ardatz izango da enpresa kudeaketan.

Lan merkatuari dagokionez, zer aldaketa nagusi nabaritu dituzu azken urteotan?

2023an, gainerako eskualdeetan gertatu den bezala, enpleguak bilakaera positiboari eutsi dio, nahiz eta industria sektorean dezelerazioa gertatu, nazioarteko gatazkek, inflazio maila altuek eta interes tasa handiek eragindako zailtasunengatik. Gaur egun, langabezia tasa bajuetan gaude. Baina badago aldaketa nagusi bat azken urteetan: langabearen profila 45 urtetik gorakoa izatera pasatu da. 2018an zegoen langabe kopururik handiena, berriz, 25-45 urte bitartekoa zen. Bestalde, langabetuen ia %70a kualifikazio maila bajuko pertsonak izaten jarraitzen dute. Bi aldagai hauek, langabezian dauden pertsonen kronifikazio arriskua areagotzen ari dela adierazten digute. Datu orokorren arabera, ordea, azkenaldian krisialdiak bata bestearen atzetik izan badira ere, langabezia 2018koaren azpitik mantendu da. Industria sektorearen pisu erlatiboak esanguratsua izaten jarraitzen du eskualdean, eta horrek eragina du enpleguaren kalitatean. Kualifikazio mailari dagokionez, azpimarra-tzekoa da, 25-65 urteko biztanleen kualifikazio maila beste eskualde batzuetakoa baino baxuagoa den arren, joerak indize positiboagoa erakusten duela. Goi mailako ikasketak dituzten 30-34 urteko biztanleen tasa posizio hobean dago duela urte batzuk baino eta honek irakurketa positiboagoa egitera animatzen gaitu.

Salaberria, SmartLog enpresaren egitasmoaren aurkezpenean Asier Zaldua

Zer motatako profilak eskatzen dituzte enpresek?

Kualifikazio handiko profilen eskaera handia dago: ingeniariak, IKTetan adituak (zibersegurtasuna, datuen analisia), baina baita profil teknikoak (erdi eta goi mailako zikloak) eta trebetasun digitalak dituzten profesionalak ere. Gainera, kontutan izan behar da gure enpresa askoren batez besteko adinak belaunaldi erreleboa eskatzen duela, eta errelebo hau ez dela beteko jada bizitza profesionala amaitzen duten pertsonen gaitasun berdinekin. Hezkuntza eta formakuntza eragileak gaitasun berriak garatzen joango dira etengabean sortzen ari diren lanpostu berrien beharrak asetzeko. Txanponaren beste aldean, adierazle demografikoen bilakaerak erakusten digu immigrazioa funtsezko faktorea izango dela enpresek sortuko dituzten lanpostu guztiak bete nahi badira. Izan ere, biztanleriaren hazkundea migrazio saldo positibotik soilik etorriko da. Beraz, bereziki garrantzitsua izango da profil desberdinetako etorkinen integrazioa zaintzea eta, batez ere, haien gaitasunaeta lan munduratzea ikuspegi integral batetik lantzea. 

Enpresen sorrerari edo ekintzailetasunari buruz, zer irakurketa egiten duzue?

Egia da 2018-2023 aldian ez dela aldaketa nabarmenik nabaritu agentziak babestutako jarduera ekonomikoetako alten kopuruan, baina autonomoen kopurua (afiliazioak) nabarmen murriztu da eskualdean. Ildo beretik, datuen arabera, lurralde mailan autonomo asko galdu dira covid-aren krisia lehertu zenetik, eta aldiz, handitu egin da besteren konturako langileen kopurua. Datu orokorrek esaten digute Uggasatik lagundu eta sortu diren enpresen kopurua, sortutako zuzeneko enplegua eta forma juridikoa edo sektorea ez direla bereziki aldatu. Gainera, ekintzailetzarako baliabide guztiak mantendu dira (inkubategia, cowork-a, laguntza teknikoa, prestakun-tza). Hala ere, pertsona ekintzaileen profilaren azterketa kualitatiboago batean, aldaketa batzuk gertatu direla esan genezake. Salbuespenak salbuespen, neurri handi batean, autoenplegua irtenbide bakartzat hartzen duten pertsonak dira. Bestalde, balio erantsi txikiko proiektuak dira, ez dute berrikuntza handiegirik. 

Iaz, mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko proiektu pilotu bat aipatu zenigun.

Bai, uda aurretik aurkeztu genizkion proiektuaren ondorioak Aldundiari. Zahartzaroa, mendekotasuna eta zaintza egungo gizartearen erronka garrantzitsuak dira, baita gure eskualdean ere. Izan ere, Urola Garaiak zahartzaro tasa altuagoa du inguruko eskualdeek baino. Testuinguru honetan, Aldundiaren Gizarte Berrikun-tzako proiektuen programan txertatzen da aipatu duzun ekimena, Urola Garaia ZaintzaLAB izenez ezagutzen duguna. Mankomunitatea proiektuaren buru izanik, Uggasa, UGLE eta Gogoak jarri zuten martxan berrikuntza proiektu hau eta hainbat lankidetza izan ditu prozesuan zehar: Aldundia, udaletako gizarte zerbitzuetako arduradunak, Etxetek programa kudeatzen duen enpresako arduradunak eta Goierri-Urola Garaiko ESIko arduradunak nagusiki. Helburu nagusia arreta eredu berri bat esperimentatzea izan da, mendekotasun egoeran dauden pertsonei etxean zainketa berritzaileak eman ahal izateko eta finean, beraien autonomia eta bizi kalitate maila hobetzeko. Proiektua aurrera eramateko, eskualdean urteetan landutako gaitasunak hartu dira oinarri moduan: ortoprotesika zerbitzuak, laguntza teknikoen inguruko ezagutza eta neuro-errehabilitazioko sistema aurreratuak. Guztira 13 hilabete iraun ditu proiektuak eta mendekotasun egoeran dauden 66 pertsonekin eta bere zaintzaileekin egin dugu lan. Laburbilduz, hiru fase ezberdinetan gauzatu da proiektua. Lehen fase batean, etxeetara bisita egin zen elementu ezberdinak aztertzeko eta egoeraren diagnosi integral bat egin ahal izateko: pazientearen autonomia maila, laguntza tenikoen erabilera, zaintzarako baliabideak eta hauen kalitatea, irisgarritasunaren eta oztopo arkitektonikoen diagnostikoa etxean eta ingurunean... Informazio guzti honekin gomendio txosten bat prestatu zen familia bakoitzerako eta paziente ba-tzuk neuro-errehabilitaziora bideratu ziren, Onbideratu Zentroan dagoen exoeskeletoarekin tratamendu bereziak egin ahal izateko. Bigarren bisitan batean, familiarekin eta zaintzailearekin diagnostikoa partekatu zen eta emandako gomendioak ezartzeko laguntza eskaini zi-tzaien: Etxetek zerbitzuaren tramitaziorako, beste produktu tekniko batzuk jartzeko, ortesi pertsonalizatuak fabrikatzeko, ariketa plan bereziak martxan jartzeko, irisgarritasuna hobe-tzeko neurriak bideratzeko... 14 pertsonek errekuperazioa maximizatzeko neuro-errehabilitazio terapia pertsonalizatuak ere jaso zituzten. Hiru edo lau hilabete ondoren, etxeetara hirugarren bisita egin zen eta diagnosi integrala berriz egin zitzaien hilabete horietan izandako eboluzioa neurtu ahal izateko. Parte hartu dugun eragile guztion lankidetza eta konpromisoari esker, diziplina anitzeko begirada izan du proiektuak, eta nire ustez horixe izan da emai-tza positiboen arrazoi nagusia.Proiektuaren hasieran eta bukaeran neurtutako eskalen emai-tzak konparatuz, prozesu guztia amaitu zuten pertsonen %74,5ek izan zuten hobekuntza bat bere autonomia mailan. Eta horietako %21ak hobekuntza oso nabaria izan zuten jasotako datuen arabera. Arlo soziosanitarioak arreta eta lankidetza maila berezia merezi du eskualdearen ikuspegitik, datozen urteetan erronka handia izango baita.