Indarkeriaren oi(h)artzunak filma urriaren 5ean emango dute lehen aldiz Oiartzunen. Landetxen izango da, 18.30ean. Proiekzioaz gain, Tamara Muruetagoienarekin eta zuzendariekin solasaldia izango da. Dagoeneko sarrerak salgai daude hiru euroren truke.
Luzemetrai honek Muruetagoienak bere aitarekin gertatutakoaren egiaren eta justiziaren bila egindako 42 urtetako bidea kontatzen du.
1982. urtean hil zen Esteban Muruetagoiena Oiartzungo medikua. Bederatzi egunez atxilotuta izan zuen Guardia Zibilak, eta jasotako torturen ondorioz zendu zen, aske utzi eta hiru egunera. Tamara Muruetagoienak oraindik ez du jaso Poliziaren torturen biktima errekonozimendurik.
Urte hauetan bizitutako mina eta egindako bidea film batean jaso dute Ander Iriarte eta Amaia Merino zuzendariek. Oiartzungo Udalean ordezkaritza duten bi alderdi politikoek osatzen duten Bizikidetza Mahaiak proiektua babestu eta ekarpen ekonomikoa egin zuen.
Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian estreinatu zen dokumentala. Film Luze Onenaren Ikusleen Saria lortzeaz gain, Amnesty Internationalek Aipamen Berezia eman zion, argitu gabe jarraitzen duten torturak salatu eta ikusarazteko egindako lanagatik.