Zumarragak gizarte arloan lan egiten duten elkarteen azokaz gozatuko du ostiral honetan. Bigarren edizio hau Zumarragako plazan, baserritarren gunean ospatuko da.

Azoka eta gida Zumarraga Parte Hartzailea eta Solidarioa estrategiaren barne egin dira. 2023an Sare Solidario Interaktiboa mahaia sortu zen. Mahai horrek gizarte arloko hainbat elkarte biltzen ditu: herrikoak, eskualdekoak eta herrialdekoak. Mahaiaren helburua Zumarragako pertsonen bizi kalitatea hobetzea da: zaurgarritasun egoeran daudenei arreta berezia eskainiz eta gizarte bazterkeria prebenituz. Sare Solidario Interaktiboa mahaia izan da azoka antolatu duena eta gida aurrera atera duena.

Azokari dagokionez, bai goizez eta bai arratsaldez ekitaldi asko izango dira: jarduerak, topaketak eta emanaldiak, besteak beste. Herritarrei udalerriko elkarteen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera emango zaie. Antolatzaileek gonbidapen berezia luzatu diete ikastetxeetako ikasleei eta eguneko arreta zerbitzuari. Gainera, Gizalde elkartea ikastetxeetara hurbilduko da Begiraldatu programaren saio batzuk ematera. Egitasmo horren helburua boluntariotza gazteengana hurbiltzea da. 

Arratsaldean, elkarteek, herritarrei informazioa emateaz gain, hainbat jarduera egingo dituzte Azokara hurbiltzen diren haurrentzat. Gainera, herriko kultur elkarte batzuk azoka girotuko dute.

Sare Solidario Interaktiboa mahaiak gizarte arloko elkarteen gida bat ere egin du. Gida horretan, harremanetarako informazioa, helbideak eta erakunde bakoitzaren jardueren deskribapena jaso dira. Gida Zumarragako etxe guztietan banatuko da, eta Udalaren webgunean eta udalerriko gune estrategikoetan ere eskuragarri egongo da: osasun zentroan, gizarte etxeetan, kultur etxean eta kiroldegian.