Irailaren 14an ospatuko da Sanjuanek estropadetan lehen Kontxako bandera lortu zueneko 100.urteaurrena. Hortaz, Pasai Donibanen data historiko hau gogorarazteko egun osoko festa antolatu dute, batez ere arraunak duen garrantzia azpimarratzeko.
Gainera, aurten ere 25 urte betetzen dira Sanjuanek bere azken bandera lortu zuenetik. Bestalde, orain dela hamar urte Kontxako Bandera irabazi zuten batelerek ere izango dute merezi duten errekonozimendua datorren astean.
Honela, eguna omenaldiekin hasiko da: 9.30ean, 1999ko Kontxako irabazleak traineruarekin arraunean ariko dira badian; 11.00etan, 1924. urtean Kontxako Bandera irabazi zutenen senideei harrera egingo zaie udaletxean; eta 11.30ean Bateleren Zortzikoa eta kalejira izango dira udaletxeko sarreran.
Eguerdian izango da ekitaldi nagusia Juanba Berasategi aretoan. Iñaki Altolaguirre Matxet musikariak eta duela ehun urte Kontxako bandera lortu zuen patroiaren herenhilobak egun honetarako espreski prestatutako Matxet handia 1924- 2024 ekitaldi musikatua ikusteko aukera egongo da. Bi saio egongo dira: 12.00etan euskaraz eta 13.30ean gazteleraz. Sarrerek bost euro balio dute eta Matxet txiringitoan, Berezi kafetegian eta Juandanburu harategian daude salgai.
Emanaldi honek lehen bandera lortzeko egin zen bidea azalduko du garai historikoan kokatuz eta itsasoa eta arraunari buruzko euskal abestien bertsioez lagunduta. Izan ere, Francisco Laboa Matxet patroiaren gidaritzapean, hamalau gizonek osatu zuten eskifaia hura eta garaipen hark abiatu zuen sanjuandarrek hainbat urtetan itsasoan izan zuten ibilbide arrakastatsua, Gipuzkoako arraunaren erreferentziazko talde bihurtuz.
“1920ko hamarkadan San Juanek trainerurik indartsuena zuen. Orduko Donibane nolakoa zen ikusiko dugu ikuskizunean”, aurreratu du Matxetek spoiler egin nahi gabe.
Gogorazi duenez, Kontxako garaipena asko kostata lortu zen. 1920tik 1923era, nahiz eta Donostiako badiako uretan eskifaia indartsuena sanjuandarra izan, deskalifikazio eta epaileen erabaki batzuk tarteko, bandera altxatzerik ez zuten izan. Baina 1924ko irailaren 14an, sanjuandarrek ez zuten hutsik egin eta garaipena lortu zuten Kontxan. Geroztik bandera asko arrosa izan dira.
Garaipen gosea zegoen herrian eta bizigiroa izugarria izan zen. Gaur egun ere, “saltsa” hura bizirik mantentzen da. “Lehen ez zeuden hainbeste estropada udako garaian, ez da orain bezala, 200 daudela eta liga dagoela, baina herrian bizi den saltsa berdin-berdina da”, dio.
Emanaldian ere, Donibanek eta San Pedrok osatutako La Union trainerua gogoratuko da, baina elkarlan hau liskarrekin amaitu zen.
“Istoriotxo asko daude ikuskizunean”, hitzeman du musikariak. Hauek ezagutu, gogoratu edo berpiztu nahi dituenak datorren astean Juanba Berasategi aretora hurbildu beharko du.
Matxet lehengo urtean hasi zen balentria honen inguruan dokumentatzen eta informazioa biltzen. Garaiko egunkariez gain, duela ehun urteko arraunlarien senitartekoekin elkarrizketak ere egin zituen eta gizon horien historia eta izpiritua belaunaldiz belaunaldi bizirik mantentzen dela ikusi du.
Bere familian ere, herenaitona, Matxet ezizena ere bazuena, eskifaiaren patroia izanik, bere istorioak jakinak dira. Gainera, Matxet patroiaren bi seme ere arraunlariak ziren garai hartako ontzian.
Matxetek informazio asko bildu du dokumentazio lanean eta berarentzat lan hau oso aberesgarria izan da. Hortaz, Kantauri osoko herri arraunlariei bere historia berreskuratzera animatu nahi ditu: “Ziur nago Hondarribia eta Orio bezalako herriek historia garrantzitsuak eta politak dituztela eta hauek jasotzea eskatu nahi diet”. Izan ere, ikuskizun musikatuak Pasai Donibanen ez ezik inguruko herrietan ere oihartzuna izan du.
Ikuskizuna amaituta, bazkari herrikoia izango da Bizkaia plazan, non 300 lagun inguru elkartuko diren. Arratsaldean danborrada irtengo da eta eguna Mikelek, Luismak eta Pakok Bizkaia plazan eskainiko duten dantzaldiarekin amaituko da.