Síguenos en redes sociales:

Tutera Azpeitia ekimena bere azken bi ibilaldietara heldu da

Mendizaleek irailaren 14an egingo dute Etxarri-Aranaz eta Beasain lotzen dituen ibilbidea

Tutera Azpeitia ekimena bere azken bi ibilaldietara heldu daLagun Onak

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu duen Tuteratik Azpeitirako bidea etapetan egiteko ekimena bere azken bi jardunaldietara iritsi da. Mendizaleek irailaren 14an dute hurrengo hitzordua eta Etxarri-Aranaz eta Beasain lotzen dituen ibilbidea egin beharko dute. Helduei zuzendutako egun osoko ibilbidea izango da, 28 kilometroko luzera eta 850 metroko desnibel positiboa dituena. Goizeko 07:00etan abiatuko dira irteera-puntura, Azpeitiko anbulatoriotik. Bazkideek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 20 euro. Izena aurrez eman behar da Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean (azken eguna, irailak 12).

Ekimena 2023ko otsailaren 17an hasi zen Tutera eta Milagro (32 km) arteko ibilbidearekin. Ondoren, Milagro eta Faltzes arteko martxa egin zuten, 2024ko martxoaren 16an (22 km); Faltzes eta Lerin artekoa, apirilaren 13an (23 km); Lerin eta Iratxeko monasterioa, maiatzaren 11n (30 km); Iratxetik Pilatoseko Balkoiraino, ekainaren 22an (27 km); Pilatoseko balkoitik Lizarragako mendateraino, ekainaren 23an (30 km); eta Lizarragako mendatetik Etxarri-Aranazeraino, uztailaren 6an (27 km). Irailaren 14an Etxarri-Aranaz eta Beasain arteko ibilbidea egingo dute, eta urriaren 19an amaituko da ekimena Beasain eta Azpeitia arteko ibilbidearekin (27 km).