Woodstock-eko jaialdia mundu osoan famatua da herri musikaren eta kontrakulturaren historiara pasa zelako, Euskal Herrian adibidez euskal musika eta kulturaren historiara pasa ziren Woodstock txikiak izan ziren.

Horietako bat 1974ko abuztuaren 31n Legazpiko Brinkola auzoan egin zuten jaialdia da. Aurten jaialdi haren 50. urteurrena beteko da eta brinkolatarrek kontzertu hura biziberritzea erabaki dute. Mahai ingurua, bazkaria eta kantaldia antolatu dituzte eta duela 50 urteko jaialdian parte hartu zuten musikariak gonbidatu dituzte.

Balerdi, Matxinandiarena eta Agirrezabal, kartelarekin.

Duela 50 urteko jaialdi hartan Pantxoa eta Peiok, Benito Lertxundik, Jon Enbeitak, Egan taldeak, Zumarragako Trikitixak eta Koro Urbietak parte hartu zuten. Frankismoaren azken urteak ziren, jendea askatasun egarri zen eta jaialdiak sekulako arrakasta izan zuen. 1.200 lagun inguru elkartu ziren Legazpiko auzo txiki horretan.

Talde arrakastatsuak

Urteurreneko ekitaldiak abuztuaren 31n izango dira. 12.30ean Euskal kantagintzaren nondik norakoa mahai ingurua egingo dute. Pantxoa Carrere, Peio Ospital, Jon Enbeita, Koro Urbieta, Migel Urteaga, Joxemari Telleria eta Jose Angel Urbietak parte hartuko dute. 14.00etan bazkaria egingo dute, soinujoleek girotuta. 19.00etan kantaldia hasiko da. Xabier Barriolak, Jesus Castillejok, Iñigo Caballerok, Maria Redondok, Jose Angel Urbietak, Amaia Arangurenek, Mikel Alustizak eta Zumarragako Trikitixak parte hartuko dute.

Pello Agirrezabalek, Joakin Balerdik eta Jokin Matxinandiarenak duela 50 urteko jaialdiaren antolaketan parte hartu zuten eta baita aurtengoan ere. Bien berri eman dute. Brinkola izaera handiko auzoa izan da beti eta ez da harritzekoa duela 50 urte horren jaialdi arrakastatsua antolatzea. “Ordurako San Agustin jaiak antolatzen ziren. Eta 1960ko hamarkadan euskal jaia ere egiten zen, San Luis egunean”.

Xabier Lete, Brinkolan

1966 inguruan, berriz, Xabier Letek Brinkolan abestu zuen. “Soldadutza egiten ari zen Gasteizen eta soldaduz jantzita etorri zen. Joxe Mari Legorburu brinkolatarra berarekin ari zen egiten soldadutza eta elkarrekin etorri ziren. Legorburuk arropa utzi zion. Auzoko emakume batek Xabier Lete neska batekin musuka ikusi zuen. Lourdes Iriondo zen, noski. Joxemari Telleriak eta Kontxita Gabiriak ekarri zuten, autoz, Zeraindik hona”.

Antolaketa

1974an auzoko gazteek aurreko taldeari erreleboa hartu zioten. “Franco bizi zen oraindik eta jaialdiak elkartzeko eta aldarrika-tzeko aitzakia ziren. Hori dela eta, jaialdia antolatzea erabaki genuen. Pantxoa eta Peio, Jon Enbeita, Benito Lertxundi, Zumarragako Trikitixa eta Egan taldea ekarri genituen. Garai hartan, jaialdi erraldoia zen. Benito ekartzeko, Oriora joan ginen. Pantxoa eta Peiorekin hitz egiteko, Hendaian egin zuten kontzertu batera joan nintzen lagun batekin. Lagun horrek Donibane Lohitzunera, Telesforo Monzonen etxera, joan ginela esaten du ordea. Jaialdia egiteko baimena lortzeko ere komeriak izan genituen. Donostiara joan behar zen, abestu behar ziren kantu guztien hitzak gaztelerara itzulita. Ez genuen dena jarri, noski. Sarrerak 75 pezeta balio zuen eta 80.000 pezeta batu genituen. Horrek 1.200 lagun elkartu zirela esan nahi du. Gaindituta geunden eta atsedenaldian nahi zuten guztiei geltokiko plazara sartzen utzi genien. Geltokia izatea abantaila handia zen eta autobusak ere jarri genituen”, dio Agirrezabalek.

Gogoangarria izan zen. Bereziki, Jon Enbeitarentzat. “Duela urte ba-tzuk berarekin elkartu nintzen eta ea Brinkolaz gogoratzen zen galdetu nion. Baietz esan zidan: eztarriko minarekin etorri eta buruko minarekin joan zela. Izan ere, whiskya eman zioten eztarriko mina arintzeko”, kontatu du Balerdik.

Aipatutako guztiez gain, Koro Urbietak ere abestu zuen. “Brinkolako bat, Antton Inurritegi, udalekuetan lanean zegoen. Bertan, gitarra jotzen zuen Donostiako neska bat ere bazegoen: Koro Urbieta. Udalekuetako talde guztia jaialdira etorri zen eta Korori ere abesteko aukera eman genion”.

Ereserkia eta sorpresa

Urbietak urteurreneko mahai inguruan parte hartuko du. Duela 50 urte ez bezala, kartelean ageri da. Kartela Joxemari Telleria margolariak egin du. Bertan, duela 50 urte abestu zuten musikari guztiak ageri dira. Baita Matxinandiarenak egindako Brinkolako ereserkia ere. Kontzertuan duela 50 urte abestu ziren abestiekin batera, auzoko ereserkia abestuko dute. Baita auzotar baten omenez konposatu duten kanta ere.

Jaialdian Legazpiko abeslariek parte hartuko dute. Duela 50 urteko jaialdian abestu ziren kantak abestuko dituzte.