Azpeitiko Esklaben komentu zaharraren ondoan eta Izarraitz Atea parkearen inguruan dagoen belardian jokatuko da Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Mistoaren finala igande honetan. Proba 18.00etan izango da.

Azpeitiko hitzorduan gizonek eta emakumeek osatuko duten bedera-tzi taldek parte hartuko dute, Gaztedi, Goiherri eta Mutriku kluben ordezkari gisa.

Txapelketa

Gaur egun, gomazko zoru gaineko sokatira lehiaketa oso zabalduta dago eta klubak aurki daitezke Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako hainbat herritan. Azalerako modalitateak ez du hainbeste jarraitzaile, eta klub gutxi batzuk bakarrik probatzen dira azalera horren gainean, aspalditik datorren tradizioari jarraituz. Horretarako gakoa goma gaineko praktikak espazio estalietan entrenatzeko eta lehiatzeko eskaintzen duen erosotasuna da, lurrean prestatzeak eskatzen duen sakrifizioaren aurrean, batez ere klimatologiak aurpegirik onena erakusten ez duenean.

Igande honetan Azpeitian lehiatuko den klub bakoitzak hiru talde aurkeztuko ditu 580 kiloko kategorian. Gaztedi taldea Laukizetik etorriko da eta Azpeitian lehiatuko da Gaztedi A, Gaztedi B eta Gaztedi C taldeekin, eta Goiherrik Erandioren izena defendatuko du Goiherri A, Goiherri B eta Goiherri Akelarrerekin. Gipuzkoako ordezkaritza Mutrikuko taldearen esku egongo da, Mutriku A, Mutriku B eta Mutriku C ekipoekin. Talde bakoitza lau gizon eta lau emakumez osatuta egongo da, eta indarrak elkar neurtuko dituzte indartsuena nor den frogatzeko. Sokatira mistoa kirol honetako beste bi espezialitate klasikoei gehitu behar zaie. Bi kategoria horietan gizonek edo emakumeek soilik osatzen dituzte taldeak, baina badira bi generoetako tira-tzaileak lehiaketaren beharren arabera nahastea erabakitzen duten taldeak ere.

Nuarberi omenaldia

Sokatira kirolarekin lotura estua duen tokiren bat badago Euskal Herrian, hori Azpeitiko Nuarbe auzoa da. Nuarberen historia sokatiran Arroa eta Landetaren aurkako desafioa batean kokatzen da, Azpeitiko zezen-plazan 1978an burutu zen Bai Euskarari jaialdi batean. Ia txantxa bat bezala hasi zena, sokatiraren munduan ibilbide oparo baten sorrera izan zen, hasieran auzo bereko mutil talde batek osatzen zuten ekipo bati Europako eta Munduko leku ezberdinetan lehiatzera eraman zuena eta, gainera, arrakasta handiarekin, Euskal Herriko, Europako eta Munduko txapelketak lortuz. Hori guztia izango da kontuan igandean Lur Gaineko Sokatira Txapelketa Mistoaren finalaren antolatzaileek Nuarbeko kideei eskainiko dieten omenaldian.

Historia haren zati handi bat Nuarbeko Sokatira Museoan eta Laxaro Azkune kazetariak argitaratutako Nuarbe, 29 urteko soka liburuan jasotzen da. Bertan azaltzen denez, azpeitiar auzo txiki honetako gazte talde baten gogoa nahikoa izan zen ideia burugabe bat baino gehiago ez zirudiena arrakastaz beteriko abentura bat bihurtzeko, ibilbidea ia hiru hamarkadaz luzatuz, Azkuneren liburuaren izenburuak azaltzen duen bezala.

Arrakasta

Nuarberen arrakastaren gakoa sokatirarako grina eta gazte haien gaitasunekiko konfiantza izan ziren. Izan ere, 1980an lortu zuten Euskal Herriko lehen txapeldun titulua, lehiatzen hasi eta bi urtera. Horri esker, atzerrira bidaiatu ahal izan zuten eta beste herrialde batzuetako tiratzaileekin neurtu zituzten indarrak Europako Txapelketan. Lehen esperientzia etsigarria izan zen, aurkariek argi eta garbi gainditu baitzituzten, baina amore eman beharrean, nuarbetarrak indartsuago entrenatzen eta gogor lan egiteari ekin zioten egoera iraultzeko.

Lan horren guztiaren emaitzak handik gutxira heldu ziren. 90eko hamarkadaren hasieran Irlandan jokatu zen kluben arteko txapelketa batean urrezko domina bat eskuratu zuten. Lorpen hark erabateko nagusitasunari bide eman zion hurrengo urteetan, ez bakarrik Euskal Herrian, non Nuarbe txapelketen dominatzaile argia zen. Europako gainerako herrialdeetan ere Nuarbe aurkari beldurgarria izatera pasa zen.

1991tik 2001era bitarteko hamar urteetan, Nuarbek Euskal Herriko, Europako eta Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketetako irabazleen palmaresean bere izena jarri zuen 560 kiloko kategorian. Baina ez ziren izan bere lorpen bakarrak. Hor dugu goma gaineko munduko txapelketa batean lortutako lehen garaipena, edo lehen garaipena 640 kiloko kategorian. Ibilbide horretan, bada urte bat bereziki nabarmentzen dena. 1997an garaipena lortu zuen Finlandiako Joko Ez Olinpikoetan 640 kiloko kategorian eta, gainera, urrea eskuratu zuen 560 eta 640 kiloko kategorietan Jerseyn jokatu zen Europako Txapelketan.

Baina bizitza honetan denak du amaiera, eta tiralari batzuen martxak eta errelebo faltak taldearen pixkanakako gainbeherari bide eman zioten, 2007an Nuarberi sokatira munduari agur esateko ordua iritsi zitzaion arte.