Giro ezin hobea eta goi mailako lehiaketak izan ziren atzo Azpeitian ospatu zen Baserritarraren Egunaren ezaugarriak. Sagardo Txapelketaren 50. edizioa ezusteko batekin amaitu zen. Zeraingo Oiharte sagardotegiak lehen aldiz parte hartu zuen atzo Azpeitiko txapelketan, eta gonbidapena ederki aprobetxatu zuen lehenengo postua lortuz (137 puntu), Petritegi (134 puntu) eta Alorrenea (133 puntu) sagardotegien aurretik. Sari banaketaren ondoren, omenaldien txanda izan zen. Xanti Lazkano, Sagardoaren Eguneko arduraduna urte askotan, Tolosako Batasuna Elkarteak eta Iker eta Alex, 26 urtez jarraian epaileei sagardoa eskainiz txapelketan dabiltzatenak, izan ziren omenduak.

Olaberriako Aizpea gaztandegiak lehen saria lortu zuen Gazta Lehiaketan. Idiazabalgo Ander Barandiaran izan zen bigarren eta Ilarduiako La Leze hirugarren. Azpeitiako Eizmendi ustiategia izan zen nagusi Blonda Arrazako Txapelketan, sari printzipalak eskuratuz. Eizmendiko Nekane behiak jaso zuen txapelketako urrixa onenaren saria, eta Oliviak, Eizmendin hazitakoa ere, haragitarako urrixa onenarena. Beraz, ez da harritzekoa ukuilu onenaren saria Eizmendi ustiategiak jasotzea, atzo gertatu zen bezala.

Sagardo dastaketa harrera ezin hobea izan zuen.

Umeen Eguna

Festa giroak ez du atsedenik Azpeitian. Atzo Baserritarren Eguna ospatu bazen, bihar Umeen Egunaren txanda da. Erraldoiak izango dira bihar protagonistak, haurrekin batera. Euskal Herri osotik etorritako erraldoi eta dultzaineroen 20 konpartsa elkartuko dira Azpeitian. 11.00etan hasiko da egitaraua, goiz eresiarekin eta korporazio txikiaren kalejirarekin. 12.00etan erraldoien dan-tza saioa egingo da plazan, eta 13.00etan erraldoien desfilea hasiko da. 14.30etan haur eta gazteak plazan elkartuko dira elkarrekin bazkaltzeko.

19.00etan, zezen-zaleek zezen-plazan izango dute hitzordua, San Inazio jaietan toreatuko diren zezenen desenkajonamentua ikusteko. Egitaraua 22.30ean amaituko da, ETS taldeak plazan eskainiko duen kontzertuarekin.