Hondarribian bizi izan zen Nestor Basterretxea artistaren jaiotzaren mendeurrena ospatuko da aurtes eta, datorren astelehenean, uztailak 22, 22.00etan, Urmugaren Urtanta: Nestor Basterretxea Gogoan izeneko kontzertu berezi bat eskainiko da Arma Plazan.

Urmuga

Miguel Zeberio Urmuga Kultur Elkarteko ordezkariak ekitaldiaren aurkezpenean azaldu zuenez, “Urmugaren filosofiarekin bat dator Basterretxea, izan ere, historia luze eta oso anitza izandako sortzaile bat izan zen. Sorkuntzan ere oso esparru ezberdinak jorratu zituen eta, gainera, sinestuta gaude gure euskal ondareari ekarpen oso garrantzitsua egin ziola, berritzailea izan zelako eta diziplina oso anitzak landu zituelako”.

Nestor Basterretxea Archivo

Basterretxeak sortutako serie kosmogonikoa eskulturetan oinarritutako ikuskizuna ondu du Urmuga Elkarteak, eta horretarako talde “eklektiko eta aberatsa” osatu du. Astelehenean, 22.00etatik aurrera Et Incarnatus Orkestra eta, gonbidatu berezi gisa, Donostiako Orfeoia izango dira entzungai. “Musika sortzeko ardura oso bogan dagoen Jon Esnaolarena izango da, eta haiekin batera bi xuberotar eta bi nafar arituko dira: Olaia Intziartek eta Maika Etxekoparrek kantua jarriko dute, eta narrazioa eta antzezpena Titika Rekalt eta Etxekoparren esku izango da”, gehitu zuen Zeberiok.

Asisko Urmeneta

Kontzertua eskaintzen den bitartean, Asisko Urmeneta komikilariak zuzeneko marrazkiak egingo ditu eta horiek Paradoreko eraikinaren paretean proiektatuko dituzte.

Monica Basterretxeak hartu zuen hitza familiaren izenean: “Oso eskertuta gaude Urmugaren edizio honetan gure aitaz gogoratzeagatik eta omenaldi hau eskaintzeagatik. Aniztasuna asko gustatzen zitzaion, bai bere lanean eta baita bere inguruan zeuden ekimenetan, parte hartzeko beti prest zegoen. Ziur nago asko gustatuko zitzaiola asteleheneko ikuskizuna”, esan zuen.

Azkenik, Ortzi Alonso Hondarribiko Kultura zinegotziak esan zuen Udalak hasieratik babestutako egitasmoa dela eta eskerrak eman zizkien bai antolatzaileei, bai parte hartuko duten artista guzitei.

“Herritarrei kontzertura hurbiltzeko gonbidapena egiten diet, kontzertu berezia izango da eta. Nestor Basterretxea jaio zeneko 100. urteurrena betetzen da aurten, eta udal ekitaldi nagusia urrian izango bada ere, astelehenekoa gogoratzeko modukoa dela uste dugu. Taulatu erraldoia jarriko da egunotan, eta ikusteko moduko ikuskizuna izango dela ziur nago”, bukatu zuen zinegotziak.