Herri guztiek dituzte ikurrak. Herritarrak batzen dituzten ekitaldi edo tokiak. Gure arbasoekin lotzen gaituztenak. Zumarragaren kasuan, azoka da elementu horietako bat. Zumarraga asko aldatu da azken urteetan. Egungo herria eta gure aiton-amonek ezagutu zutena oso ezberdinak dira. Saskigintza desagertu zen, herria aldatu zuen lantegi handia itxi egin da, Kalebarren zaharberritzen ari dira... baina azokak hor jarraitzen du. Zumarragar asko, beraien aiton-amonek egiten zuten bezala, astero azokara joaten dira erosketak egitera. Azokako baserritarren guneak 70 urte bete ditu eta Udalak ekitaldia egin du urte hauetan guztietan bertan lan egin dutenei eskerrak emateko.
Azokako baserritarren gunea Espainiako gobernuaren diru-laguntzarekin egin zen. Ondoren, gaineko etxebizitzak egin ziren. Obra Rufino Bergerandik egin zuen. Obra horrekin Zumarragako plaza itxi zen: lau aldeetan arkupeak zituen plaza bat bilakatu zen eta azokari gune estali bat eskaini zion.
Baina Zumarragako azoka askoz ere lehenagokoa da. Norteko trenbidea Zumarraga heltzearekin batera sortu zen. Trenbideak kanpotarrei Zumarragara etortzea errazten zienez, azoka sortu zuten jendea erakartzeko. Trenbideak salgaiak ekartzea ere erraztu zuen, noski. Hala, azoka pizgarri gisa sortu zuten. Udal ordezkariek merkatu bat antolatzeko eskaera egin zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari 1865. urte hasieran eta baimena jaso zuen.
Hasieran azoka ostegunetan egiten zen, hamabostean behin. 1868tik aurrera astero egin zen. Eta 1870eko hamarkadaren erdialdean ostegunetik igandera pasa zen. Azokak sekulako arrakasta izan zuen eta 1883ko udan astean bitan egitera pasa ziren: ostegunetan eta igandetan.
Antolaketa oso zorrotza zen. Inspektore bat azokaren funtzionamendu egokiaz arduratzen zen. Salgaien kalitatea zaintzen zuen eta arauak betetzen ez zituztenei isunak jartzen zizkien. Saltzaileek Urretxuko kuarteleko guardia zibilen bisita ere jaso-tzen zuten: sistema metriko dezimalaren erabilera zaintzen zuten. Ordurako Udalak tasak kobratzen zizkien saltzaileei. Egun bezala, denetik saltzen zen.
1964tik aurrera, azoka larunbat arratsaldetan egin zen. Eta 1970eko hamarkadatik aurrera larunbat goizetan egiten da. Gipuzkoa osoko merkatariek parte hartzen dute eta inguruko herri guztietako jendea etortzen da erosketak egitera.
Ospakizuna Baserritarren guneak 70 bete dituela eta, Udalak urte hauetan guztietan azokan lan egin duten merkatariak omendu ditu. Ekitaldia joan zen ostegunean izan zen. Josune Zarandona kazetariak aurkezle lanak egin zituen eta Mikel Serrano alkateak eta Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak ere hitza hartu zuten. Serranok Zumarragako azoka Gipuzkoako lau garrantzitsuenetako bat dela esan zuen, Azpeitia, Ordizia eta Tolosakoarekin batera. “Topagunea da. Gure herriaren aniztasunaren erakuslea. 2016tik hona egin ditugun obra eta ekimenekin, hori balorean jartzen eta ostalaritza eta merkataritza sustatzen saiatu gara. Horretarako, erakunde guztien laguntza jaso dugu”.
Alkateak esan bezala, azken urteetan hainbat obra egin dira eta hainbat ekimen jarri dira abian azoka indartzeko: igogailua, postu berriak, webgunea, Klik eta Jaso ekimena, bonuak, eskoletan saioak haurren artean azokaren garrantzia ezagutzera emateko...
Serranok eskerrak eman zizkien Rosa Maiza zinegotziari egindako lanagatik eta Morenori bere laguntzagatik. Morenok Zumarragako azoka babestearen arrazoiak azaldu zituen. “Hona etorri nintzen lehen aldian, aitzindaria zen proiektu batekin egin genuen topo. Sinergia eta bizikidetza dira Zumarragako azokaren baloreak. Merkataritza eta ostalaritza sustatzeko egitasmo honek Next funtsen ia hiru milioi lortu ditu. Ministroak berak Zumarragara etorri nahi izan zuen. Eskerrak eman nahi dizkiet Mikeli, Rosari eta saltzaileei. Bertako produktuen alde apustu egiten jarraitu behar dugu”.
Saltzaileak
Morenoren hitzen ondoren, bideo bat jarri zuten. Bertan, saltzaileen ikuspuntua jaso dute. Joxe Arrizabalaga azpeitiarrak hasieran bere ama etortzen zela gogoratzen du. Urolako trenean etortzen zen Zumarragara. Zumarragako Sagaspe baserriko Rosario Zalduak bere amona Francisca etortzen zela oroitzen du. “Baserritarren gunea egin gabe zegoen oraindik eta Urbe dendaren eta botikaren artean jartzen zen”. Zumarragako Martiamuno baserriko Udane eta Mariñe Arbeok, berriz, bere amaren lekukoa hartu dute. Bideoan gazteei azokara joateko gonbita luzatzen diete.