Datorren astean X. Ttakunbira burutuko da, uztailaren 12tik 16ra. Elizondon hasiko da eta Hernanin bukatuko dute ibilaldia eta Buruntzaldeko herrian ekitaldi berezi bat prestatu dute azken eguneko arratsalderako: Zuaznabar, Zabalegi eta Goikoetxea txalapartarien baserrietan burutuko da ekitaldia, edo hauek egon ziren lekuetan, geldialdiak egingo dituzte eta joaldiak eskainiko dituzte, omenaldi modura.

Txalaparta

Ttakunbira 2013. urtean martxan jarri zuten Hutsun txalaparta taldeko Mikel eta Anai Urrutiak anai nafarterrek lagun talde batekin batera. Helburua txalaparta Euskal Herriko txoko eta herrietara eramatea da eta, txirrindularitza zaletuak direnez, ibilaldia bizikleta gainean egiten dute, anekan txalaparta eramaten dutelarik.

50 edo 60 kilometro

Egunero, 50 edo 60 kilometro inguru egiten dituzte. Beraz, guztira 250 edo 300 kilometroko martxa osa-tzen dute. Aurtengo zirkuitua batez ere Lapurdin barrena egingo dute eta handik jaistean Hernanin amaituko dute egitasmoa.

Ttakunbirako partideen argazkia Ttakunbira

“Aurtengo Ttakunbira prestatzen ari ginela, mapa ikusten ari ginenean, bururatu zitzaigun Lapurdiruntz igotzea. Jaitsieran Hernanin bukatzeko ideia etorri zitzaigun. Hernanik txalaparta tradizio handia du eta gu urtero etortzen gara maia-tzean ospatzen den Txalaparta Festara”, gogorarazi du Mikel Urrutiak. Hurrengo pauso batean, herriko hiru familia txalapartari omentzea bururatu zitzaien: “Zuaznabar, Zabalegi eta Goikoetxea familien baserrietan geldialdi bat egin nahi dugu omenaldi xume bat eskaintzeko”.

Egurrak

Bidean zehar egiten duten geldialdietan harridura pizten dute. “Guztiek flipatzen dute. Txirrindulari talde bat ikusteko ohitura dago, baina alforjetan txalapartaren egurrak eramatea ez da horren ohikoa eta jaitsi eta txalaparta duin bat montatzen dugunean eta jotzen hasten garenean, jendeak flipatu egiten du: Begiratu ero hauek, esaten dute”, azaldu du Urrutiak.

“Oso polita izaten da, herrietan gelditzen baikara ura hartzera, pote bat hartzera, jatera... eta tarte horretan herria txalapartarekin alaitzen dugu. Hasteko, xedea da gu eta geure burua alaitzea, taldeko guztiok txalaparta maite dugulako, baina bide batez asteko egun arrunt batean txalapartari edo musikari batzuk entzuteko aukera dute herri txiki batean”, gaineratu du.

Ttakunbira udaran egiten dute, uztailean eta abuztuan, alde batetik eguraldiak gehiago laguntzen duelako, baina batez ere taldekideek denbora libre gehiago eta oporrak izaten dituztelako.

Jatorria

Munduko beste kultura batzuekin gertatzen den bezala, txalaparta ere lanarekin lotutako perkusiozko instrumentua da, sagardoa egiteko lanekin, hain zuzen ere.

Hernaniko turismoaren webgunean jasotzen denez, “antzina, sagardoa egiteko sagarra birrindu ondoren, afari bat egiten zen. Afari horren ondoren, txalaparta jotzen zen, inguruko jendea bertara hurbiltzeko eta festa bat ospatzeko seinale gisa. Festa gauera arte luzatzen zen”.

Bestalde, landa eremuan ere erabiltzen zen, egunean bertan edo egun batzuk lehenago, ezkontza bat ospatzear zeudela jakinarazteko. Beraz, txalapartak beti izan du lotura festarekin eta euskal kulturarekin.

Hortaz, Hernani bezalako herri batean, non sagardoak ere bertako kulturaren eta ekonomiaren funtsa osatzen duen, ez da harritzekoa txalapartak ere instrumentu horri eta horrek sortutako kulturari berariaz eskainitako jardunaldiak izatea.

Arestian aipatu bezala, Hernaniko Txalaparta Festan, maiatzeko bizpahiru egunetan zehar, txalapartaren ttakunak, txalapartariak, ikasleak eta instrumentu horren zaleak elkartzen dira.

Larunbata izaten da festa honetako egun nagusia. Eguerdi partean, hainbat jatorritako txalaparta eskola elkartu eta euren emanaldiak eta inprobisazioak erakusten dituzte; musika eskaintzen dute eta ikasleei kalean jotzeko aukera ematen zaie.

Arratsaldean, aldiz, jaialdiari ematen zaio hasiera, eta txalaparta talde profesionalek euren saioak eskaintzen dituzte. Aurten 36. edizioa burutu da.

Txalaparta jotzeko bi pertsona behar dira; horiek perkusiozko kolpeak tartekatzen dituzte eta, bien artean, txalapartaren erritmoa osa-tzen dute.

Txalapartaren ezaugarri nagusietako bat da inprobisazioan oinarrituriko instrumentua dela. Kolpeak bata bestearen atzetik ematen dira, eta txalapartari bakoitzak tarteak uzten ditu, besteak nahierara bete ditzan. Beste pertsona horrek kolpe hauetako bat aukeratu ahal izango du: ttakun (bi kolpe), herrena (kolpe bat) edo hutsunea.