Bergara Hiria Emakumezkoen Hockey Txapelketak hartuko du larunbatean Labegaraieta kiroldegia. Burdinola Irristaketa Klubak antolatuta, EAEko talde onenak, eta Bordeleko eta Torrelavegako talde bana izango dira protagonistak egun osoko torneoan.
Ikusgarritasuna
Txapelketa honek emakumezkoen hockeyari ikusgarritasuna ematea du helburu, eta denboraldia agurtzeko jai moduko bat antolatzeko ere aprobetxatuko du Burdinola klubak. Partiduak 8.30ean hasiko dira, eta aurreikusten dute finala iluntzeko 20.15ean hasiko dutela. “Bi multzotan banatuko ditugu taldeak, partidu bakoitzak 40 minutu iraungo ditu. Arratsaldean saltsa polita egongo da finalerdiak eta finala orduan jokatuko baitituzte”, azaldu dute antolakuntzatik.
Street Hockey Gasteiz, Sumendi, Torrelavegako Sobre Ruedas, Soraluzeko Marras, Bordeaux Lyons eta etxeko taldea arituko dira lehian. Burdinolako neskak Espainiako mailari eutsio diote aurten, Euskadiko ligan bigarren sailkatu dira, eta Kopan txapeldun izan dira. Oso denboraldi ona egin dute. Beraz, egun osoan maila oneko hockeya egongo da ikusgai bihar Bergaran.
Hiruko torneoa
Ostiral honetan, motorrak berotzen joateko, hiruko torneoa egingo dute 18.00etatik 20.00etara. Parte-hartze saio irekia izango da. “Hockeya gazteen artean zabaltzen joatea da helburua”, aurreratu dute Burdinolatik.