Eltzekoa Hernaniko zaintza lanen inguruan hausnartzera batu diren herritar talde bat da. Askotarikoak dira beraien jardun esparruak: zaintzaile profesionalak, familian edota komunitatean lan egiten dutenak, feminismoan, arrazakeriaren kontrako borrokan, osasun arloan, udalgintzan edota sindikalgintzan. 

Guztiek ordea kezka berbera dute: “Hernanin, Euskal Herriko gainontzeko herrietan bezala, zaintza lanak era bidegabean antolatzen dira, eta horiek demokratizazio bidean jarri nahi ditugu”, azpimarratu dute.

Eltzekoak taldetik gogorazi dutenez, “2022ko udaberrian hasi genuen talde hausnarketa. Zaintza zer den, zein den Hernaniko egoera, zein behar ditugun, zein erronka edota desio eztabaidatzen jardun genuen denbora batean”. 2020an aurkeztu zen Beterri-Buruntzaldeko Zaintza Erregimenaren diagnostikoa eta ekin-tzarako proposamena lana erreferentzia gisa hartu eta bide propioa egiten hasi ziren zain-tzaren burujabetza ezaugarritzeko. 

“Hausnarketa prozesu horren emaitza izan ziren nagusiki: batetik, gure manifestua, orain arte egin dugun hausnarketa kolektiboaren oinarriak biltzen dituena; bestetik, 2023tik aurrera martxan jarri nahi dugun ekintza plana. Biak ditugu taldearen iparrorratz, zaintzak Hernaniko antolaketaren erdigunera ekartzeko”, aipatu dute taldeko kideek. 

Bere helburuen artean, Hernanin egun dauden zaintzarekin lotutako espazioak egonkortu nahi dituzte: “Talde hau indartu nahi dugu, aurkeztu, zabaldu eta orotariko ahotsek parte har dezaten prozesua egin”. Bestalde, zaintza lanen gainean sentsibilizazio lana egin nahi dute; izan ere, bizitzarako oinarri izan arren, “zain-tzak gutxietsiak izaten jarraitzen dute, bai familietan, bai gizartean”. Halaber, artikulazio komunitarioa sustatu nahi dute. 

Azkenik, zaintzaileen arteko guneak sendotu nahi dituzte ere: “Ezinbesteko ikusten dugu etxeko langileei baliabide integralak eskaintzea, familian zaintzen ari direnak ere zainduak izatea, eta guztion arteko elkarguneak egotea”.

Hala eta guztiz ere, zehaztu dutenez, ez diegu administrazio publikoari dagokion funtzioa eta betebeharra kendu nahi, “baina zaintza krisiari aurre egin nahi badiogu komunitatetik ere ardura hartu behar dugula uste dugu”. “Horretarako gure erreferentzia nagusia da Auzozain-tza programa, eta datozen urteetan horretan jarriko dugu indarra”. 

Auzozaintza programa

Eltzekoa taldeak Auzozaintza egitasmoa bultzatu eta sustatzeko beste eragile bat da. “Eltzekadak bilerak, adibidez zaintza komunitarioaz hausnartzeko ekimenak izan dira, guk antolatuta, baina Auzozaintzak ereindakoaren gainean egin ditugu, eta programa hori indartzea zuten helburua. Elkar lotuta dauden bi eremu dira, narratiba eta helburuak partekatzen dituzte”, azaldu dute. 

Azkeneko hilabeteetan auzoetan egindako bilera horiek, Eltzekadak, oso positiboki baloratu dituzte: “Izan ere, auzotar asko hurbildu dira interesez, eta lortu dugu belaunaldi ezberdinetakoak biltzea, eta elkarrekin jardutea. Auzo biziak behar ditugu zaintza sareak artikula-tzeko, eta hau epe luzeko lan baten hazitxoa besterik ez da”.

Arestian aipatu bezala, momentu honetan taldea indartzea da erronketako bat: “Ez da erraza jendea antolatzea era iraunkorrean zaintzaren bueltan. Hala ere, zaintza burujabetza zer den zehaztea, eta hori gauzatzeko bideak asma-tzea da gure erronka nagusia”. 

Nahiz eta talde berria izan, lan mardula egin dute. Horren adibide da iaz antolatutako Zain-tza Eguna. “Oso egitarau mamitsua izan genuen, aurretik aipatzen genuen guztiaz jarduteko, eta zaintzen ari direnen esperientziak erdigunean jartzeko. Benetan ederra izan zen eguna”, gogorazi dute. “Hortik aurrera, manifestuaren eta taldearen zabalpenean jardun dugu nagusiki, txingurri lana egiten. Berriko Eltzekoak deitu ditugun auzoetako ekimenak antolatu ditugu, zaintza komunitarioaren beharraz elkarrekin hausnartzeko, eta horri balioa eta aitortza emateko”, gaineratu dute. 

Etorkizunera begira, udazkenean Eltzekadak aurkezpenekin jarraitzeko asmoa dute. Horrez gain, behar handia ikusten dute etxeko langile dabiltzan zaintzaile profesionalen egoeraz sentsibilizatzeko eta aterabide berriak bilatzeko lanean, eta horretan ere murgilduko dira.

Izenaren esanahia

Eltzekoa bataiatu dute taldea. Izenaren zergatiaz galdetuta taldekideek oso aproposa dela erantzun dute: “Batetik eltzean askotariko osagaiak bil daitezke, eta halaxe ditu zaintzak edo gure taldeak. Bestetik, etxe guztietako sukaldean egon da eltzea, eta guk zaintzak bezalaxe eltzea etxeko esparru pribatutik plazara atera nahi izan dugu. Azkenik, eltzea beti elkarbanatu den zerbait izan da, eta guk zaintzak elkarrekikotasunean antolatu behar ditugula pentsatzen dugunez, mataforak horretarako balio zigula konturatu ginen. Mahai baten bueltan, berotasunean, goxotasunetik elkartzeko gune bat ere bada taldea”.