Mugikorrak erabiltzeko adina atzeratzeko helburarekin, Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkarteko Batzarra Digitalak Altxa Burua Astigarraga ekimena sortu zuen.
Aste honetan aurkeztu dutenez, Udalarekin eta Astiko elkartearekin elkarlanean, Gurea erabil dezakezu kanpaina jarri du abian, behar dutenean haur eta nerabeek herriko hainbat telefono eskura izan ditzaten. Kanpainan 21 establezimenduk eta hainbat eraikin eta zerbitzu publikok hartuko dute parte. Eraikin publikoak udaletxea, Erribera kulturgunea, kiroldegia, Kultur Etxe Zaharra, Sagardoetxea eta Emakumeon Etxea dira. Haurrek eta nerabeek nora jo erraz identifikatu ahal izateko, parte-hartzaileek agerian izango dute Gurea erabil dezakezu eranskailua.
Oraindik kanpainarekin bat egiteko aukera dago. Interesatuak harremanetan jar daitezke Altxa Burua Astigarragarekin, Astiko elkartearekin edo Udalarekin.
Kanpaina sei eta hamasei urte arteko haur eta nerabeei zuzenduta dago eta urtebeteko iraupena izango du. Ondoren, balorazioa egingo da.
Hauek dira kanpainak dituen helburu nagusiak: haurrei mugikorra erabiltzeko beharra murriztea; haurrek espazio publikoa berreskura-tzea eta erabiltzea; komunitateko kideen laguntza eta koordinazioa indartzea eta komunitatearen zain-tza sustatzea; eta helduei buruzko erreferentzia gehiago izatea.
Udalak bere egiten du kezka eta ingurune digitalari erreparatzeko konpromisoa du. Honekin lotuta eta kanpainarekin bat egitearekin batera, beste ekintza bat du abian: liburutegiko eta gaztelekuko ordenagailuetan aplikazio bat jarriko da, adingabeei gune jakin batzuetarako sarbidea mugatzeko.