Hernaniko Udalak eta Sanjoanetako Jai Batzordeak asteazken arratsaldean sanjoanen aurkezpena egin zuten. Ekainaren 23tik 27ra, 72 ekintzak osatuko dute jai egitaraua. Urumea txaranga izango da aurtengo omendua eta, beraz, jaiei hasiera ematearen arduraduna. 25 urte bete ditu txarangak eta egindako ibilbidea eskertu nahi izan diote.

Jai Batzordea

Programan adin tarte eta zaletasun guztiei toki egiten saiatzen da Jai Batzordea. Aurten, nobedadeen artean, pilotari profesionalen jaialdia antolatu du Txirri Pilota Elkarteak, ekainaren 25ean (19.00etan, udal pilotalekuan).

Lau partida ikusteko aukera izango dute pilotazaleek: Egiguren V-Eskuza eta Exposito-Bikuñaren artekoa; sanferminetako final laurdenetako partida Elordi eta Dario edo Salaberriaren artean; eta, jaialdiko partida garrantzitsuena Altuna III-Rezusta eta Peio Etxeberria-Zabaletaren artekoa izango da. Dagoeneko sarrera guztiak agortu dira.

Bideoklipa

Beste berritasun bat Herburu erraldoi eta buruhandien konpartsak estreinatuko duen abesti propioa eta dantza izango da. Ostiral honetan izango den Preludio Txikian, 19.00etan, dantzatuko dute lehenengo aldiz jendaurrean. Haritz Ezeizak eta Leire Goñik sortu dute Segi bihar dantzan kanta. Gainera, herriko beste eragile batzuekin bideoklipa sortu dute eta dagoeneko ikusgai dago Herbururen eta Udalaren sareetan.

Preludioak

Asteburu honetan preludioak jotzen dira herrian festak iragartzeko. Udalak aurreratu duenez, kontzertuak Atsegindegin izango dira eguraldi txarra iragarrita dagoelako.

Preludio Txikia joko da 19.00etatik aurrera eta bihar 22.30ean Sanjoanetako Preludioa izango da.

Euskal Musikaren Gaua

Azkeneko honi Euskal Musikaren Gaua izena ipini diote. Izan ere, euskal errepertorioan oso ezagunak eta famatuak diren hamabi abesti eskainiko dituzte. Gaua Asier Odriozolak euskal operan adituak, historian doktoreak eta gaur egun Parisen ikertzaileak, gidatuko du Arantza Iglesias eta Lierni Mateosen, hau zeinu hizkuntzan, laguntzarekin. Solista gisa Donostiko Kontserbatorioko kantu irakaslea den Ainhoa Merzero sopranoa arituko da eta talde asko gonbidatuko dituzte.

Gainera, festak hasi aurretik Hernani urtekariaren aurkezpena hilaren 20an; Chillida 100 urte udako solstizio berezia hilaren 21ean eta txosnen irekiera 22an izango dira.