Urretxuko Udalak inoizko egitaraurik osatuena ondu du uda honetarako Gazte Bidean nerabeen zerbitzuaren bidez. 16 ekintza izango dira ekainaren 25etik uztailaren 18ra bitartean. Guztiak uda girokoak eta nerabeek parte hartze bidez proposatutakoak eta garatutakoak.

Horietatik, bost irteerak izango dira: Orioko Txurruka aterpetxean egonaldia (ekainaren 25 eta 26an), Labenneko (Frantzia) ur parkera (uztailaren 3an), surfa Donostian (uztailaren 5ean), Irrisarri-landera (uztailaren 10ean) eta paddle surf Deban (uztailaren 17an). Horretaz gain, hamaika ekintza antolatu dute herrian bertan: sukaldaritza ikastaroak, kirol txapelketak, abenturak, Santa Barbaran ekintzak, festak… Egitaraua Gazte Bideanen eta Urretxuko Udalaren sare sozialetan eta webgunean eta Gazte Bideanen bertan daude eskuragarri. Irteeretarako izena emateko epea ostiralean bukatuko da. Izena emateko Gazte Bideanera jo beharko da, asteazkenetik igandera bitartean.

Maialen Fidalgo Mendizabal zinegotziak eta Leire Agirre Iturricastillo Gazte Bidean zerbitzuko koordinatzaileak aurkeztu dute egitaraua, Gazte Bideanen lokalaren kanpoaldean. “Lehen ikasturtea izan du honakoa Gazte Bidean zerbitzu eraberrituak. Lokala eraberritzearekin batera, jarduna bera ere asko berritu eta indartu da. 295 nerabe daude izena emanda. Oinarri sendoak ezarri ditu lehen ikasturte honetan, datozen ikasturteetan hazten jarrai-tzeko. Aurten ikasitakoekin eta nerabeengandik eta gurasoengandik jasotakoekin, datorren ikasturtea oparoagoa, erakargarriagoa eta aberasgarriagoa izateko lanari ekingo diogu”.