Urretxu eta Zumarragako 27 merkatarik eta Udalak 32 puntu jarriko dituzte haurren eskura, behar dutenean senitartekoei deitu ahal diezaieten. Hala, haurrak telefonorik gabe atera ahal izango dira kalera. "Geurea Erabil Dezakezu" ekimenaren helburua telefonoaren erabilera adina atzeratzea eta erabilpen arduratsua sustatzea da. Altxa Burua taldeak, Bi-Tartean merkatari elkarteak eta Urretxuko Udalak jarri dute martxan.
Bulegoa
Egitasmo honekin bat egin duten Bi-Tarteaneko 26 dendak Itxura, Josune, Goilore, Ormazabal, Kizkur, AM, Xarmanki, Kotoi, Oreka, Lanbroa, Zerki, Bidegorri, Stylo Gorane Dominguez, Urrats, Julita, Ur Leire Santillan, Ibaiondo 05, Opticalia, Argizti, Doss, Inaxio, Milar Lagun, Arku, Amane, Baby eta Panpox dira. Haurrek Bi-Tarteanen bulegora ere jo ahal izango dute telefono eta laguntza eske. Udalak beste bost puntu eskainiko ditu: udaletxeko harrera zerbitzua, Gazte Bidean, kultur etxea, liburutegia eta kiroldegia.
Gurasoak
32 puntu horietako telefonoa baliatzeko, baliatuko duenak bere burua aurkeztuko du eta errespetuz eskatuko du erabilpena. Horretaz gain, nori deitu nahi dion zehaztu beharko du. Gurasoei edo une horretan bere ardura duenari bakarrik deitu ahal izango die. Deia telefonoaren jabeak egingo du.
Egitasmoaren aurkezpenean Maialen Fidalgo zinegotziak, Nerea Mendizabal Bi-Tarteaneko kideak eta Maitane Ormazabal Altxa Buruako kideak hartu zuten hitza.
Fidalgok ekimen honek Gazteria sailaren hiru ardatzak betetzen dituela esan zuen: sortzailea, hezitzailea eta parte hartzailea da. Mendizabalek beraien leloa Elkarrekin onena dela eta egitasmoak hori islatzen duela aipatu zuen. Dendetako ateak beti zabalik daudela gogoratu zuen. Ormazabalek haurrei sostegu digitala eta emozionala emango zaiela azpimarratu zuen.