Euskara, irisgarritasuna, berdintasuna eta toki garapen jasangarriaren Plan Estrategikoak onartu ditu aste honetan Astigarragako Tokiko Gobernu Batzordeak.

Plan estrategikoa

2023ko urrian Udalak lau herri gogoeta jarri zituen martxan gai horien inguruan. Prozesuek martxora arte iraun dute eta Plan Estrategikoetan egikaritu dira, non lan ildo eta ekintza zehatzak jasotzen diren.

Proiektuen aurkezpena

Horrekin batera, Udalak joan den martxoan 2023-2027 agintaldi plana aurkeztu zuen, bertan jasotzen dira agintaldian zehar egitea aurreikusten diren proiektuak. Plana sei ardatzetan banatzen da: aukera berdintasunak; zerbitzu, programazio eta ekipamenduak; garapen ekonomikoa; herri ingurunea eta klima krisialdia; herri bizi, aktibo eta kohesionatua; eta udal antolamendua, baliabideak eta azpiegiturak.

Legegintzaldi Plana

Herri gogoetetatik ateratako planak, eta baita Legegintzaldi Plana ere, osorik, udal webgunean egongo dira laster herritarren eskura.

Bestalde, aste honetako Osoko Bilkurak Astigarraga Oinherri elkarteko bazkide laguntzaile izatea onartu du.

Oinherri elkarteak hainbat ekimen garatzen ditu udalerrietan haurrekin, aisialdiko eredu berritzaile baten barruan. Elkartearen helburuak honela laburbildu daitezke: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eta eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, komunitate sarea eta auzolana indar-tzea, aniztasuna eta ingurumen naturala kulturala zainduz.