Larunbatean Urretxuko Gernikako Arbola plazan, Xabier Ormazabalen omenezko mendi festa egin zuten. Egunean zehar mendiarekin lotutako hainbat ekitaldi prestatu zituzten.

Eguraldi bikaina egin zuen eta ehunka lagunek parte hartu zuten. Iluntzean Xabier Ormazabal bekaren irabazlearen izena eman zuten ezagutzera. Ainhoa Unanue Bereziartu zumarragarrak irabazi du Urretxuko Udalak ematen duen beka hori. Bekaren eskutik, Alaskara joango da eskiatzera eta bizikletan ibiltzera.

Mendirako jaioa

Unanue 2001ean jaio zen. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Ingeniaritza Informatikoa ikasten ari da. Aurten bukatzea espero du. Kirolzaletasuna etxetik datorkio. “Eskiatzera, mendian ibiltzera… umetatik joan naiz. 12 urte nituenean familiako guztiok Chamonix-Zermatt trekking-a egin genue. Gainera, hiru anai-arrebetan gazteena naiz eta beraiek irekitako bidea jarraitu dut”.

Abenturazalea da eta Xabier Ormazabal bekara aurkeztea erabaki zuen. “Iaz Erasmusa egin nuen, Suitzan. Mendiagatik joan nintzen bertara. Alaskako lagun bat egin nuen bertan eta berarekin joaten nintzen mendira eta eskiatzera. Beka deialdia aurkeztu zutenean, lagunak aurkeztea proposatu zidan. Alaska hegoaldean eski trabesia bat egingo dugu. Itsasoan bukatzen da. Ondoren, itsasontzi bat hartuko dugu. Valdez-era eramango gaitu. Handik Anchorage-ra joango gara, bizikletarekin eta eskiekin. Bidean, mendiak igoko ditugu eskiekin”.

Hunkituta eta pozik

Ez zuen beka irabaztea espero. “Asko poztu eta hunkitu nintzen, beka Xabiren omenez delako eta dolu prozesu batean murgilduta nagoelako (ama hil zitzaion apirilean). Proiektu hau egiteak zentzu handia hartu du niretzat. Oso aukera handia da”.

Antolatzaileak ere pozik

Andoni Ormazabal antolatzailea ere oso gustura ageri da. “Dena bikain atera zen. Ezin hobeto. Eguraldiak ere lagundu zuen. Dinamika positiboarekin hasi ginen, festak indarra hartu zuen eta plazan sekulako magia sortu zen. Goizean 200 haur baino gehiagok eskalatu zuten eta arratsaldeko eskalada desafioan nafarrek eta Araotzekoek lehia ederra izan zuten. Boluntarioen lana goraipatu nahi dut”.

"Goizean 200 haur baino gehiagok eskalatu zuten eta arratsaldeko eskalada desafioan nafarrek eta Araotzekoek lehia ederra izan zuten"

Beka Unanuek irabaztea oso hunkigarria izan dela gehitu du. “Proiektu oso potoloak zeuden, baina epaimahaiak originaltasuna saritzea erabaki zuen”.