Baserritarren Eguna, San Isidro, izan zen asteazkenean, eta hori dela eta, Tolosako Udaleko gobernuko hainbat kideek, alkatea buru zutela, aitortza eta eskertza ekitaldia egin zieten larunbat goizean, astez aste Zerkausira eta Berdura Plazara gerturatzen diren ekoizleei.

Udalaren esker ona

Tolosako herriaren eta udalaren esker ona adierazteko oroigarri bat ere jaso zuten azokako ekoizle guztiek, Andu Martinez de Rituerto alkatearen eskutik. Hain zuzen, Maitane Azurmendi ilustratzaileak Nestor Basterretxearen Goldea obran oinarritutako irudi bat, eskulturgilearen jaiotzaren 100. urteurrenaren aitzakian.

Lana omendua

Baserritarrei eskainitako eskultura da Goldea, duela 24 urtetik Tolosako Emeterio Arrese lorategietan jarrita dagoena. Belaunaldi berriei baserritarren balioa helaraztea izan zen artistaren asmoa; besteak beste, helburu horixe bera du udalak gaur egun ere. Izan ere, alkateak larunbatean bertan azpimarratu zuenez, “baserritarren lana komunitatearentzat funtsezkoa da”. Tolosan, gainera, urtetan zehar garrantzia izan du larunbatetako azokak, eta aurrerantzean ere, “tokian tokiko ekoizleak zaintzea” bada udalaren helburu nagusietako bat, alkateak adierazi zuenez. Ekoizleek ere, “esker onez” hartu zuten Udaleko kideek larunbatean eginiko eskaintza.