Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzeko helburuarekin, Hernani Burujabeko Bioaniztasun Mahaiak, Hernaniko Udaleko Ingurumen sailak eta Sagarreta natur taldeak sei ekitaldi antolatu dituzte maiatzaren 21etik ekainaren 1era.

Ekimen guztiak doakoak izango dira, baina tailerretan plaza mugatuak direnez izena eman beharko da aldez aurretik (tel.: 943 337 031, mail: ingurumena@hernani.eus).

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, arreta berezia jarriko da Hernaniko eta Urumea ibaiko biodibertsitatea ezagutzeko jardueretan eta transmisioan. Hortaz, familien-tzako tailerrak, hitzaldiak, eta BiodiBertso ibilbidea izango dira hernaniarrek egitarauan topatuko dituztenak. Azken honetan, herriko kaxkoan Urumeako biodibertsitatearen inguruko sei panel jarriko dira eta haien azalpenak emango dira, batetik, modu zientifikoan eta bestetik, bertsotan.

Egitarauari dagokionez, maiatzaren 21ean, bost eta zazpi urte arteko haurrak dituzten familientzako Hizki Pizti tailerra burutuko da 17.00etatik 18.30era, liburutegian. Egun berean, Landare inbaditzaileak arazoa erriberetan izeneko hi-tzaldia eskainiko da Biteri kultur etxean 19.00etan.

Hilaren 22an eta ekainaren 1ean Animaliak marrazteko tailerra egongo da sei urtetik gorakoentzat 17.00etara 18.30era, Biteri kultur etxean.

Maiatzak 23an Urumea ibaia: arrain fauna eta ibai ekosistema. Bilakaera eta gaur egungo egoera izenburuko hitzaldia egongo da Biteri kultur etxean, 19.00etan.

Azkenik, maiatzaren 25ean, BiodiBertso ibilbidea burutuko da. Iñaki Sanz-Azkuek gidatuko du eta Maialen Lujanbio Zugasti eta Unai Agirre Goia izango dira bertsolariak. Partaideek Gudarien plazan egon beharko dute 11.00etan.