Larunbat honetan izango da Errenteriako Zamalbide-Bentak auzoko jaien lehen eguna, eta haurrak eta gazteak izango dira protagonista antolatu diren ekintzetan. Igandea, berriz, jubilatuen eguna izango da.

Jolasak

Honenbestez, larunbatean txupinazoaren ostean, Haur jolasak eta puzgarriak Perurenako Auzolan frontoian. Ondoren, haur bazkaria izango da Auzolan elkartean.

Arratsaldean, mahai-jokoak, gazteentzako Scape Room-a pilotaleku inguruan, mus txapelketa eta, eguraldi ona izanez gero, apar festa frontoiaren kanpoko aldean izango dira. Bainujantzia eta uretako oinetakoak eraman behar dira.

Indarrak berreskuratzeko, txokolatada eta afari herrikoia, musikarekin girotua, egongo dira.

Hurrengo egunean, igandean, jubilatuei eskainitako ekitaldiak prestatu dira. Eguerdian meza eta salda eta bertsolariak auzoko lokalean (frontoiko goiko aldean) izango dira. Ondoren, jubilatuen omenaldiko bazkaria egongo da bertsolariekin girotua Auzolan elkartean.

Arratsaldean, 18.00etan, festei amaiera emateko, herri-kirol jaialdiaz gozatu ahal izango da. Kirolariak Julen Kañamares, Eneko Saralegi, Nerea Arruti eta Amaiur Arbelaiz izango dira. Sarrera doan da.

Oiartzun

Bestalde, Oiartzungo Arragua auzoko jaien bigarren asteburua ospatuko da gaurtik igandera arte. Azken hiru egunetarako utzi dute egitarau nagusia, eta ekintza mordoa egongo dira egunero.

Hortaz, Udalak Xorrola zerbitzua eskainiko du gaurtik larunbaterako gauean. Bost aldiz emango dio autobusak buelta herri osoari. 1.00etan hasi eta 5.00ak bitarte, orduro lotuko ditu zortzi auzoak.

Xanistebanetako ibilbidea egingo du, baina Arraguako farmaziako geltokian hasita.