Dagoeneko martxan da maiatzeko agenda Berastegin eta, Udalak adierazi duenez, berastegiarren datozen asteetan ekintza ugari izango dituzte aukeran. San Isidro Eguna ospatu zen asteazkenean, eta, ohi bezala, udaletxetik San Martin elizarako ibilbidea egin zuten herritar ugarik, txistularien laguntzarekin, 13.00etan. Horren ostean, 13.15etan, meza egin zuten, eta herriko haurrek bertsoak eta dantzak egin zituzten festa egitarauarekin jarraituz. Bukatzeko, herri bazkaria egin zuten, trikitilarien laguntzaz.

Euskal jaiak

Festarekin jarraitu asmoz, Urepele Elkarteak antolatuta, Euskal Jaiak ospatuko dituzte larunbatean eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Eguna hasteko, pintxo lehiaketa egingo dute, zortzigarrengoz, 11.30etan, eta 13.00etatik aurrera, horiek dastatzeko aukera izango da. Ondoren, 14.30etan, herri bazkaria egingo dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “bazkaria norberak ekarri beharko du etxetik”, baina ogia, edaria eta kafea banatuko dituzte.

Hori amaituta, euskal jolasak egingo dituzte 16.00etan, eta ondoren, erromeria eta lunch-a izango dira Urepele elkartean. Baserritarren eguna asteazkenean ospatuko badute ere, larre irekiera ekitaldia egin dute, igandean, Berastegiko larre komunaletan, 11.00etan.