Errenteriak 11 Kolore jaialdia antolatu du urtero bezala, bihartik hilaren 29ra arte luzatuko dena. Maiatzak 21eko Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldien antolakuntzan 70 establezimenduk eta eragilek parte hartu dute, Errenteria herri anitza delaren isla.

Atzoko aurkezpenean aditzera eman zenez, aurtengo egitarauak herritar guztiei zuzendutako jarduerak eskainiko ditu: kulturarteko topaketak, gastronomia, dantzak, musika, haurrei zuzenduriko ekin-tzak eta beste jarduera asko. Aukera ugari migrazioaz, arrazakeriaz eta hizkuntzaz gogoeta egiteko, oro har; baina baita, aldi berean, kulturek eta aniztasunak dakarten aberastasunaz gozatzeko, eta hartara, dituzten balio positiboak sustatu eta kulturarteko guneak sortzeko.

Programazio guztia hurrengo webgunean kontsulta daiteke: https://herribizia.errenteria.eus/11kolore/. Halaber, herrian zehar kartelak eta egitaraua jasotzen duten eskuorriak zabalduko dira (udaletxean, Lekuona Fabrikan, etab.). Herribizia eta Kultura Kreaktiboa webguneen online agendetan ere ekintzen inguruko informazio guztia egongo da ikusgai. Ekimen gehienetan izena eman beharko da edo sarrera edo gonbidapena eskuratu.

Aurtengo jaialdiaren irudi nagusia Ainhoa Redondo herriko ilustratzaileak sortu du. Gainera, herriko eskoletako ikasleek eta ludotekek egindako apaingarriekin atonduta egongo da herria (kaleak, dendak, tabernak...). Lekuona Fabrikako udal liburutegian ere kultura aniztasunari lotutako interes guneak izango dira.

“Askok eta askok egin dute kulturartekotasunaren aldeko apustua; herria aniztasunez betetzen lagundu dute, eta jaialdia egin dadin ahalbidetu”, aditzera eman zuen Maria de Frutosek, Aniztasun teknikariak. “Bereziki azpimarratu eta eskertu nahi die Udalak aurtengo edizioan parte hartu izana, bai jada aipatutako guztiei, eta baita horiekin batera, jai hau posible egin duten beste eragile eta elkarte guztiei ere”, gaineratu zuen.

“Errenteria kulturanitza dela ez dago dudarik, eta horrenbestez, jardunaldi hauen filosofia horixe da: guztiok bat egitea, partekatzea, elkar ezagutzea eta gure bizilagunengandik gertuago sentitzea, hain zuzen ere”, azpimarratu zuen Itsaso Cruz Etxeberriak, Aniztasun zinegotziak.

Esan bezala, egitaraua bihar hasiko da eta honi hasiera emango dio Migrantas: Hain gertu eta hain urrun erakusketak. Aurkezpena bihar 18.00etan izango da Emakumeen Etxean. Parean elkartearen erakusketa hilaren 29ra arte bisitatu ahalko da Emakumeen Etxeko ohiko ordutegian.