Oiartzunek Errota Eguna ospatuko du hitzaldi eta ibilaldi gidatuekin
Maiatzaren 12ko irteera doakoa da, baina beharrezkoa izango da aurretik izena ematea
Maiatzaren 12an GipuzkoakoErrota Eguna ospatzen da eta Oiartzun urtero bezala ekimen honekin bat egingo du. Herrian aurtengo ospakizuna hiru egunetara luzatzeko egitaraua prestatu dute Ihurrita Errota sustatzeko elkarteak, herriko errotariek, Ondarearen Mahaiak eta Oiartzungo Udalak.
Ondare historikoa
Izan ere, erroten funtzionamendua ezagutu eta ondare honen balio kultural eta historikoa ezagutzera eman nahi dute. Horretarako, asteazken honetan hasi eta maiatzaren 12a bitarte, hitzaldia, ibilaldia eta bisitak izango dira.
Esan bezala, asteazken honetan Errotarri-harrobiak Oiartzunen izenburuko hitzaldia izango da Javier Castro adituareneskutik. Saioa 19.00etan hasiko da Arizmendienean.
Maiatzaren 11n, larunbatean, Zorrolako errotarri-harrobira ibilaldi gidatua antolatu da. Parte-hartzaileak 10.00etan elkartuko dira Karrikako frontoian.
Azkenik, maiatzaren 12an, igandean, Txalakakoerrota, Arraskuko errota, Ugarteko errota eta Ihurrita errotara bisita gidatua izango da Alex Rotetarekin. Bisita 10.00etan Ihurrita errotan (Ugaldetxo) hasiko da eta Xorrola autobusean joango dira errotatik errotara. Ekintza doakoa da, baina Oarsoaldeako Turismo Bulegoan eman beharko da izena (tel.: 943 494 521).