Larunbat honetan, apirilaren 27an, Hondarribia eta Amaiurren senidetze ekitaldia burutuko da. Azken gaztelua, azken Portua. Hondarribia, Nafar erresuma 1524-2024 ekimenaren ekitaldi esanguratsuena da, eta Hondarribiko Udaletxea eta Arma Plaza izango dira erdigune nagusiak.

500 urte

Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azaldu duenez, “aurten 500 urte betetzen dira Hondarribia Nafarroako erresumaren azken itsas portua izateari utzi zionetik, Gaztelako eskuetan geratu zelarik. Amaiurreko gazteluaren eta Hondarribiaren zeresan eta garrantzi historikoa balioan jartzeko eta Hondarribia, Amaiur eta Baztanen arteko lotura kultural eta hidrologikoa kontuan izanda, bailararekin harremanak indartzeko, bi herriak senidetuko dira”.

Ekitaldiak

Hala, jardunaldiak bi ekitaldi desberdin izango ditu. Alde batetik, 12.00etan Hondarribiko Udaletxeko Areto Nagusian harrera instituzionala egingo da. Hondarribia, Amaiur eta Baztango alkateek parte hartuko dute eta erakunde desberdinetako agintari politikoak ere bertaratuko dira.

Jardunaldiaren bigarren atala Arma Plazan burutuko den herri-ekitaldia izango da, 12.30ak aldera. Euria egiten badu Itsas Etxea Auditorumera pasako da. Bertan, ezpata dantzariak, txistulariak eta Amaiur eta Hondarribiko abesba-tzak ariko dira, ia 130 lagun inguru. Bi herrien artean harri bana elkarbanatuko da eta ekitaldiari amaiera emateko Petti abeslariak, Amaiur gaztelu baltza kantua abestuko du.