Lezoko Udaleko 2024. urteko udalekuetan izena emateko epea apirilaren 26ra bitarte zabalik egongo da. Aurten, antolaketa kontuengatik, matrikulazioa aurreratu egin da. Programa hau hiru urtetik hamabi urtera bitarteko haur lezoarrei zuzenduta dago eta uztailaren 1etik 30era (biak barne), astelehenetik ostiralera burutuko da, goizez, 9.30etik 13.30era.

Matrikulazioa internet bidez

Azken urteetan izen-ematea Internet bidez egitea gomendatu ondoren eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere matrikulazioa horrela egitea gomendatzen du Udalak www.lezo.eus webgunean.

Matrikula aurrez aurre egiteko aukera ere eskainiko da Euskara eta Kultura sailaren bulegoan (Donibane kalea, 2), 8.30etik 13.30era. Kasu hauetan izen-emate orria sinatuta entregatu behar da udaletxean eta familia ugariek tituluaren fotokopia ere aurkeztu behar dute.

200 plaza izango dira. Matrikulazioek eskainitako plaza kopurua gainditzen badute, plaza horiek zozketaz esleituko dira.

Haurtzaindegiak

Lanean ari diren gurasoentzat haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da, 8.30etik 9.30era, udaleku irekiak hasi baino ordubete lehenago. Zerbitzua eskaintzeko zortzi haurrekin osatutako gutxieneko taldea beharko da.

Informazio gehiago eta zalantzak argitzeko gurasoentzako bilera izango da ekainaren 19ean, 16.45ean Gezalan.

Udaletik gogorazi dutenez, udalekuetan parte hartzeko hobariak daude: familia ugariek %25eko hobaria izango dute, euskal sistemaren prestazio ekonomikoen onuradunek, %75eko hobaria eta familia ugariek ere deskontuak izango dituzte udaleku programan eta haurtzaindegi zerbitzuan.