Igande honetan Kirol ikuskizuna izango da protagonista Arrasate eta Udalatx mendiaren artean. Mondraitz klubeko kideek antolatzen duten Arrasate-Udalatx mendi lasterketaren zortzigarren edizioak 400 korrikalari batuko ditu irteera puntuan (10.00etan Herriko Plazatik), horietatik 215 bailarakoak, eta hortik 126 arrasatearrak.
Udalatx
21 kilometroko ibilbidea izango du Arrasate-Udalatx edizio honetako lasterketak eta 1.250 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea aurreko urteetako osagai nagusiak mantenduko ditu, baina edizio honetan berrikuntzekin ere badator lasterketa. Alde batetik, ingurumena behar bezala zaintzeagatik Etiketa berdea ekimenari atxiki zaio. “Kirol helburu soiletatik harago, lasterketa jasangarriago eta errespetuzkoago bat sortzeko xede amankomuna daukagu”, azpimarratu zuten Mondarraitz klubeko kide eta lasterketako antolatzaileek asteartean egindako aurkezpenean.
Parte-hartzaileak
Parte-hartzaileen jatorriak ere probak lortu duen oihartzuna islatzen du: Bartzelona, Girona, Albacete edo Madrileko korrikalariek eman dute izena. Emakumezkoen presentzia, ordea, handituz doa eta aurten 43k parte hartuko dute.
Bestalde, Udalari esker lehen aldiz doako autobus zerbitzua eskainiko da Udala auzoan trafiko arazoak ekidi-teko. Beraz, Arrasate Pasealekuko autobus geltokitik (Arimazubi plaza alboan), bi autobus joan-etorrian jarraian arituko dira, 8.00etatik 13.30era bitartean. Goizean zehar, gainera, Udalara igotzeko errepidea ibilgailuentzat itxita egongo da.
Lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera izango da streaming bidez (sarean ez ezik, Goiena.eus atarian eta Herriko Plazan jarriko duten pantaila erraldoian).