Hyundai etxeko auto elektriko bat izango du Zestoako Udalak urte beteko epean herritarren erabilerarako. Autoaren erreserba eta ordainketa app baten bidez egingo da, eta autoa partekatzeko sistema izango da. Araudia (tarifak barne) zehazteko dagoen arren, autoa egunez bakarrik erabili ahal izango da eta astegunetan 12.00ak arte udaleko langileentzat egongo da erreserbatuta. Gainerako herritarrek 12.00etatik 22.00etara izango dute aukera erabiltzeko. Igande eta jaiegunetan berriz herritarrek autoa goizeko 8.00etatik gaueko 22.00etara bitartean erabili ahal izango dute. Erabiltzaileak 25 urtetik gorakoak izan beharko dira eta hiru urteko esperientzia gidatzen izan beharko dute.

Autoaren kargagailua Zubimusuko igogailuaren ondoan egongo da kokatuta, gaur egun dagoen kargagailuaren ondoan. Auto berria bakarrik kargatzeko balioko du, beraz, ezingo dira bestelako auto elektrikoak kargatu toki horretan.

Proiektu honek, 8.000 euroko inbertsioa suposatuko dio Zestoako Udalari, baina, Udalatik adierazi dutenez, helburua da autoa erabiltzeko ordainduko denarekin proiektua autofinantzatzea. – A.Z.