Aurtengo Ahoz Aho jaialdiaren hitzordu nagusienetariko bat izan zuten pasaden astean Tolosako Amarotz auzoan. Izan ere, bertan ospatu zuten VIII. Euskal kontalarien topaketa. Ahozkotasunetik Sortua hitzaldia izan zen lehenik, eta Dorleta Kortazarrek gidatu zuen solasaldia. Urtero gai bat jorratzen dute, eta aurten sormen lana ahozkotasunetik jasotzeari egin zioten tartea. Maider Galarza, Iban Perret Ibantuta, Ixabel Millet eta Paul Urkijo izan ziren gonbidatuak. Ondoren, Maider Bartolomek zuzendutako Amarotzeko Pailaztana Junior Antzerki Taldearen txanda izan zen.
Urtero bezala, urrezko kalabaza sariak ere banatu zituzten eguerdian. Urtero, hiru kalabaza banatzen dituzte eta aurten, antolatzaileek azaldutakoaren arabera, Paul Urkijok jaso du Urrezko Kalabaza saria, “ahozkotasunean oinarrituta, euskal tradiziozko ipuinak zinemara eramateko eta ipuin tradizionalen fantasia irudikatzeko” gaitasunagatik. Beste bi kalabazak Ixabel Millet kontalariari eta Pernando Amezketarraren oinordekoei eman zizkieten. Ipuin Narrazio Lehiaketako saria ere banatu zuten eta Urtzi Gorostiaga izan zen irabazlea. Sariak banatuta, Berceurs du Temps konpainiaren Kulunka Denbora emanaldia ikusteko aukera izan zen, arratsaldean, berriz, Bidegoxo jatetxean Bikustik, Rockaren klasikoak akustikoan eta DJ Aritz Icepunen musika saioak izan ziren.