Ostegun goizean aurkeztu zuten pazko astearen bueltan, apirilaren 4tik 7ra, ospatuko den Tolofolk musika jaialdia. Aurtengoa jaialdiaren laugarren edizioa izango da, eta antolatzaileek osteguneko ekitaldian azaldu zutenaren arabera, “Euskal Herriko zein nazioarteko puntako musikaz doan gozatzeko aukera eskainiko du jaialdiak, beste behin, herriko gune eta plaza ezberdinetan”. Guztira, zazpi kontzertuk osatzen dute aurtengo egitaraua. JeaJeaka kultur elkarteak antolatzen du egitasmo hau, eta, “kultura herrikoiari oihartzuna eta indarra emateko, eta, oro har, folk musikariei ikusgarritasuna emateko” helburua duen jaialdia da, aurkezpenean azaldu zutenaren arabera.

Egitaraua

Bada, beste hainbesteren artean, herriko kultur egitarauan indartu den hitzordua da, eta horretarako eskain-tzen duen aniztasuna azpimarratu zuen Goiuri Ezeiza kultur zinegotziak aurkezpen ekitaldian. “Diziplina, estilo, instrumentu eta jatorri ugariko musika eta musikariak entzuteko aukera izaten dugu urtero. Musika bere horretan aberatsa eta anitza da oso, eta horregatik norbere gustuak alde batera utzita, gerturatu eta txunditzen uzteko gonbita egiten diot herritar orori”, baieztatu zuen Ezeizak. Era berean, JeaJeaka kultur elkartearen lana txalotu eta eskertu nahi izan zituen.

Tolofolk kultura herrikoiaren jaialdia da, munduko musiken jaialdia. Hori horrela, musika modalitate ezberdinetako Euskal Herriko eta nazioarteko artistak batuko ditu aurten ere: Armeniatik, Okzitaniatik, Kataluniatik edota Kantabriatik iritsitako artistak izango dira. Guztira zazpi emanaldi eskainiko dira ostegunetik igandera, eta artisten artean daude, besteak beste, Hovhannes Karakhanyan artista armeniarra, Duduk munduko instrumentu zaharrenetarikoa dena joz edo haize eta perkusioko hamar musikarik osatutako Balkan Paradise Orchestra, antolatzaileen esanetan, “Plaza Berrian energiaz eta indarrez beteriko ikuskizuna eskainiko duena”. Xabier Zeberio tolosarrak ere emanaldi berezia eskainiko du laukote formatuan, Arineketan bikotearekin eta biolontxelo-jole batekin batera. Berrikuntza modura, gainera, osteguneako aurkezpenean, JeaJeaka kultur elkarteko kideek egitarauaren nondik norakoak azaldu zituzten prentsaurrekoan, Andia arropa markak jaialdirako propio sortutako kamisetak soinean zituztela, herrian sortutako markarekin duten elkarlanaren erakusgarri.

Ostegunetik igandera dantzan

Egitarauari dagokionez, ostegunean, apirilaren 4an, hasi eta igandera bitartean hainbat kontzertu izango dira. Lehena, apirilaren 4an, Berdura Plazan, 19.00etan hasiko da. Hovhannes Karakhanyan artista armeniarrak Duduk instrumentua joko du hirukote formatuan, gitarraz eta perkusioaz lagunduta. Bigarren egunean, hilaren 5an alegia, bi kontzertuk beteko dute programa. Batetik, Maider Martineau eta Lolita Delmonteil-Ayral bikoteak herrialde desberdinetako kantak eskainiko dituzte, eskusoinuz, perkusioz eta haizezko instrumentuz lagunduta 19.00etatik aurrera Berdura Plazan. Bestetik, musikari euskaldunez eta kubatarrez osatutako La Jodedera taldeak bi herrialdeetako doinu eta erritmoen fusioaz osaturiko emanaldia eskainiko du, 23.00etan Fronton jatetxean.

Jaialdiko egitaraua Tolosako Udala

Larunbata apirilaren 6an berriz, hiru kontzertuz osaturiko egitarau zabala antolatu du JeaJeaka kultur elkarteak. Izan ere, ostegunean azaldu zutenaren arabera, goizetik hasita, 12.00etan, kalea poztuko duten musika emanaldiak entzungai izango dira Tolosan zehar, dultzaineroekin, txistulariekin eta txarangekin Kalepoza izeneko ekitaldian. Arratsaldean berriz, batetik, Pandereteras de Ruenete hirukoetak kontzertua eskainiko du 18.30etatik aurrera Plaza Berrian. Hirukote honek bederatzi urte daramatza kanta herrikoiak abestuz, besteak beste, panderoaz zein panderetaz lagunduta. Bestetik, lehen kontzertua amaitzean, haize eta perkusioko hamar musikarik osatutako Balkan Paradise Orchestrak eskainiko du kontzertua 20.00etan. Antolatzaileen esanetan, “energiaz eta indarrez beteriko ikuskizuna” izango da. Egiatarauari amaiera emango dion kontzertua igandean, hilaren 7an, egingo da. Izan ere, Xabier Zeberio eta Arineketan bikotea laukote formatuan izango dira 19.00etatik aurrera Berdura Plazan.