Korrika Lazkaotik igaroko da ostiral, goizeko 10.45ean, eta ospatzeko, Lazkao Korrika taldeak eta Lazkaoko Udalak hainbat ekintza antolatu dituzte.

San Benito ikastolaren laguntzarekin, Korrika Txikia egingo da gaur. DBHko eta batxilergoko ikasleek eguerdiko 13.00etan egingo dute korri, eta Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzakoek, berriz, arratsaldeko 15.00etan. Ondoren Korrika festa izango da plazan. 19.00etan taloen eta Jundajo txarangaren txanda izango da. Eguna agurtzeko, Muxutruk Erromeriaren emanaldia izango da.

Programa

Ostiralean, joaldunekin emango zaio hasiera egunari, goizeko 9.30ean. 10.30ean txokolatada izango da plazan eta jarraian Korrika. 11.30ean, Antzar Konpartsaren eskutik, buruhandiak eta erraldoiak kalera irtengo dira. Herri bazkaria egingo da 14.30etik aurrera.

Bazkal ostean kantuan arituko dira Garazi, Sala, Jon Gardoki eta Iñaki Barrena. 17.00etan jolasak izango dira eta 20.30ean Zezen Suzkoa.

Lazkaoko Udalak Korrikaren 23. edizioan parte hartzeko deia egin die herritarrei, “euskara sustatzeko eta biziberritzeko funtsezko ekitaldia”.