Errenteriako udal liburutegiak ekimen berezia jarri du abian 23. Korrikaren harira: Sortzaileen Korrika; ibilbideak zeharkatzen duen herri bakoitzeko sortzaile baten obra jasotzen duen mapa, hain zuzen.

Horretarako, Euskal Herriko biblioteka guztiekin harremanetan jarri eta bertako proposamena bidaltzeko gonbita egin diete. Proposamen ugari izan dira jaso dituztenak: idazleak, ilustratzaileak, musikariak, ikerlariak… edo baita herriari buruzko obrak edo bertan gertatzen diren istorioak ere.

Mapa

Hala, Korrikaren mapa baliatuz, Sortzaileen Korrika birtuala (https://kultura.errenteria.eus/proiektuak/udal-biblioteka/jarduerak/sortzaileen-korrika/) sortu du liburutegiak eta herritar guztientzako eskuragarri jarri dute kultura webgunean.

31

Multitudinaria Korrika en Debabarrena Javi Colmenero

Mapako herri bakoitzean klik eginez, bertako informazioa ezagutu ahal izango du erabiltzaileak Euskadiko Liburutegi Sareko katalogoan. Gainera, jasotako informazio guztia udal liburutegiekin partekatu dute guztien artean egindako lana denek erabilgarri izan dezaten.

Bertsio fisikoa

Maparen bertsio fisikoa ere egin dute Lekuona Fabrikako 0 solairuan. Horren ondoan egunero ibilbideko herrietako sortzaile eta obrak eskuragarri egongo dira maileguan eramateko aukerarekin. Nahi duenak argazkia ere atera ahal izango du bertan.

Ekimenaren osagarri, eta Lekuona Fabrikan bertan, Korrika zuzenean ikusteko aukera izango da horma batean proiektatuta.

Gainera, Korrika Kulturalak hainbat ekintza programatuko ditu datozen egunotan. Gaur Beraungo Korrika txikia eta Erdiguneko Korrika txikia burutuko dira. Bihar Korrika gaztea aterako da eta martxoaren 23an Korrika jaia antolatu da eguerdiko 12.00etatik goizaldeko 3.00etara. – A. Muga